Palacio Valdés, Armando
Espainiar idazlea (Entralgo, Asturias, 1853 - Madril, 1938). Haurtzaroa Avilesen igaro ondoren, Oviedora joan zen batxilergoa ikastera. 1870ean Madrila joan zen zuzenbideko ikasketak egitera. Revista europea aldizkariko lankide lehenbizi eta gero zuzendaria izan zen. 1881. urtean, Clarín idazlearen laguntzaz idatzitako artikulu bilduma bat argitaratu zuen, La literatura de 1881 izenekoa; handik aurrera eleberriak egiten jardun zuen soilik. Gaztaroan errepublika zalea izan bazen ere, kontserbadore egin zen pixkanaka, eta ideologia hori nabari da haren eleberrietan. 1885. urtean ezkondu eta handik bi urtera emaztea hil zitzaion; gertaera horrek eragin handia izan zuen bere obretan: Riverita (1886), Maximina (1887). 1896-1899 bitartean Los majos de Cádiz (Cadizko majoak) eta La alegría del capitán Ribot (Ribot kapitainaren poza) idatzi zituen eta bigarrenez ezkondu zen. Garai horretan ideologia aldaketa handia izan zuen Palacio Valdések, eta morala eta kristautasunaren alde egin zuen. Azken garai horretako obra nagusiak dira, besteak beste, La aldea perdida (1903, Herrixka galdua) eta Sinfonía pastoral (1931, Artzain sinfonia) .