oxaliko, azidoa
Kim. Azido etanodioikoa. Azido organiko dikarboxiliko bakunena da [(COOH)2.2H2O]. Scheele-k aurkitu zuen 1776an, azukrearen oxidazioa aztertzen ari zela. Oso hedatua dago landareetan, eta kaltzioaren, sodioaren, eta potasioaren oxalatoak eratuz agertzen da. Animalien gernuan ere aurkitzen da kopuru txikitan. Solidoa, kristal itxurakoa eta gardena da. Pisu espezifikoa 1,65 g/cm3 da; 187 °C-tan urtzen da. Uretan, alkoholetan eta eterretan urtzen da. Beroaren eraginez azido formikoa eratzen du. Azukreen, almidoiaren eta zelulosaren oxidazioz lortu zen luzaroan. Gaur egun karbono monoxidoa sodio hidroxidoarekin, edo sodio formiatoa sodio hidroxidoarekin erreakzionaraziz eta ondoren eratutako dihidrato kristalak destilatuz lortzen da. Industrian metalak garbitzeko eta zuritzeko, larruak ontzeko, ehunen margoak finkatzeko eta koloregaiak eta tinteak egiteko erabiltzen da. Litografiak, grabatuak eta zura garbitzeko eta katalizatzaile gisa ere erabiltzen da.