Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Oxford

Britainia Handiko hiria, Oxfordshire konderriko hiriburua. 99.195 biztanle (1981). Thames ibaiaren haranean dago. Auto, elektroteknia, elikadura eta altzarigintza industriek garrantzitsuak dira, baina unibertsitateagatik da ezaguna.  v  Historia. Antzina herrixka saxoia izan zen, baina normandiarren mende gelditu zen eta haien agintaldian iritsi zuen maila gorena; normandiarrek, besteak beste, gotortu zuten hiria, lehen zubiak eraiki zituzten, eta X. mendetik aurrera indar hartu zuen bere gotorlekuari eta abatetxeari esker. XII. mendean erlijio erakunde eta fundazio ugari sortu ziren, eta hango eskolak edo college-ek unibertsitatea osatu zuten; hari esker hiria erlijio eta kultura hiri handi bihurtu zen, eta Oxford-en historia unibertsitatearenari lotu zitzaion orduz geroztik.  v  Artea. Ingalaterrako artegune nagusietako bat da Oxford; zenbait estilo eta garaitako eraikuntzak daude han. Erdi Aroko eraikuntzak ugariak dira; hirigunea, unibertsitatea osatzen duten XII-XIII-XIV. mendeetako college-ak eta katedrala, besteen artean. Aipagarriak dira katedraleko kripta eta Lady Chapel kapera gotikoak, klasizismoko Santu Guztien eliza (1708), Unibertsitateko eraikuntza neogotikoak, etab. Unibertsitatearen etxearen ondoan Bodley-k fundatutako Bodleyan Library liburutegia dago (1602), kodize zaharrak eta idazle greziar eta latindar askoren lanak biltzen dituena. Euskal liburu garrantzitsu batzuk ere badira bertan.