Olano Manzano, Abraham
Gipuzkoar txirrindularia (Anoeta, 1970) . Oriako Txirrindularitza Eskolatik ateratako karrerista da. 1991. urtean hasi zen txirrindularitza profesionalean CHCS eta Kaiku taldeetan. Bere kirol ibilbidean lortu dituen emaitzarik garrantzitsuenak hauek dira: Kolonbian lehiatutako errepideko munduko txapelketa (1995); erlojupeko munduko txapelketako txapeldunordetza (1995); Espainiako Itzulian bigarren postua (1995); Atlantako Olinpiar Jokoetan zilarrezko domina (1996); hirugarren postua Italiako Itzulian (1996) eta Espainiako Itzulia 1998. urtean. Olanok profesional mailan CHCS, Lotus-Festina, Clas-Cajastur, Mapei, Banesto, eta Once taldeetan korritu du. Euskal txirrindularitzak eman duen kirolaririk hoberenetakoa da, eta 90eko hamarkadan izan den erlojuaren aurkako espezialistarik onenetakoa, nahiz eta oso zaila gertatu zaion itzuli handietan bere kalitateari dagozkion emaitzak lortzea. 2000. urteko Sydneyko Olinpiar Jokoetan laugarren postua lortu zuen erlojuaren kontrako proban.