Olariaga Aranburu, Antton
Gipuzkoar marrazkilaria (Usurbil, 1946). Arte Ederretako ikasketak egin zituen Valentzian eta Bilbon. Lehen marrazkiak 1974an argitaratu zituen Zeruko Argia astekarian. Garai hartan, Valentziako Las Provincias egunkarian eta Cuadernos para el diálogo aldizkarian argitaratu zituen lanik aipagarrienak. 1975ean Eta abar marrazki liburua kaleratu zuen. Anaitasuna aldizkarian, eta Egin, Egunkaria, eta El Diario Vasco egunkarietan egin ditu marrazki tirak. Ipurbeltz komiki hilabetekariaren sortzaileetako bat izan zen. Bestalde, testu liburuetan eta irakurketa liburuetan ere egin ditu marrazkiak. 1992an, Alukiss, basotik edanez liburua argitaratu du. Euskal komikigintzan guztiz ezagunak diren pertsonaiak sortu ditu, besteak beste, Zakilixut, Hormasprayko, Ipurbeltz… Hainbat argitaletxetan ere aritua da, testu liburuak eta literatura lanak ilustratzen, eta euskal film askoren (Segoviako Ihesa, Ehun metro, Hamaseigarrenean aidanez…) kartelak egin ditu, hala nola beste hainbat ekimenetakoak (Zeruko Argia, Kilometroak, Donostiako Jazzaldia…). Erakunde askoren logotipoak ere bereak dira, hala nola UEUrena, Euskal Idazleen Elkartearena eta hainbat urtez Zarautzen egin zen Eremuak zinemaldiarena. Sariak ere jaso ditu: Euskadi saria (ilustrazioan, 1989), Ricardo Arregi saria (1991), Argia saria (1993) eta Anton Abbadia saria (1998).
- Olano Manzano, Abraham
- Olano, Valentin
- Olano
- Olañeta, Pedro Antonio
- Olaran
- Olariaga Aranburu, Antton
- Olariaga Pujana, Luis
- Olariaga
- Olarizu
- Olarra
- Olarrain