Olano Galarraga, Anizeto
(«Amaialde» deitua). Gipuzkoar idazlea, Dionisio Olanoren anaia (Altzo, 1896 - Nueva Pompeya, Argentina, 1966). Kaputxinoa. Altsasun, Hondarribian, Iruñean, Bartzelonan eta Erroman egin zituen filosofia eta letretako eta zuzenbide kanonikoko ikasketak. Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, Bordele ondoko Begles herrira joan zen, erbesteratua. 1940an Argentinara jo zuen. Yakintza, Zeruko Argia, RIEV, Euzko Deya eta Eusko Ikaskuntzako Ameriketako Institutuko buletinetan eman zituen argitara lan aipagarrienak. Olanorenak dira Filosofía vasca liburua (1934), eta Lucha de idiomas en Euzkadi y en Europa (1935), B. Etxegarayrekin, Aitzolekin eta E. Landetarekin egindako lana.