Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

neoklasizismo

iz. Europan, XVIII. mendearen bigarren erdialdean artean eta literaturan izan zen higikundea, barrokoaren eta rokokoaren aurreko erreakzioa izan zena. Antzinate klasikoaren eta zibilizazio greko-erromatarraren oroimena izan ziren neoklasizismoaren ezaugarri nagusiak. ik. klasizismo.  v  Arkitektura. Neoklasizismoak arkitekturan izan zituen ezaugarri nagusiak simetria, dotoretasuna eta soiltasuna, ordena bakarraren erabilera (doriarra, joniarra edo korintiarra, barrokoko nahasketari buruz buru), argiaren balioen garrantzia, aitzindegia hiru zatitan banatzea, kolorea desagertzea, eta garaipen arku eta zutabeen erabilera izan ziren. Frantzian, Jacques Gabriel, Soufflot, Peyre, Wailly, Percier eta Fontaine izan ziren estilo hori jarraitu zuten artista aipagarrienetako batzuk. Ingalaterran Adam anaiak eta Josiah Wedgwood. Italian, Piermarino eta Del Cagnola Milanen eta Valadier eta Simonetti Erroman. Espainiako lehen monumentu neoklasikoak Karlos III.aren garaikoak dira.  v  Eskultura. Eskulturagileek antzinako eskulturaren joera estetikoetan eta baliabide teknikoetan oinarritu ziren. Canova italiarra izan zen eskultore aipagarrienetako bat, eta horrekin batera Thorvaldsen daniarra, Bartolini italiarra, Rude, D’Angers eta Pradier frantziarrak, Flaxman ingelesa eta Estatu Batuetako Powers, Brown eta Palmer.  v  Pintura. XVI. mendea (Rafael) hartzen du oinarritzat pintura neoklasikoak. Estilo berria finkatu zuen artista David izan zen. Horrekin batera aipagarriak dira Ingres, Gérard, Proudhon frantziarrak, José Madrazo espainiarra, Mengs alemana eta Estatu Batuetako J. S. Copley eta B. West.  v  Literatura. Neoklasizismoko literatura erabat loturik doa Ilustrazioaren izpirituarekin. Arrazoiak emozioak baino garrantzi handiagoa du. Literatura neoklasikoak eman dituen fruituen artean, sormenari dagokionez nahiko urriak izan direla esan daiteke, eta nahiko aberats eta ugariak, berriz, erretorikaren eta kritikaren alorretan. Frantzia izan zen higikundearen gune nagusia, eta beste herrialdeetan kopiatu egin zen Frantziako eredua.  v  Eskola neoklasikoa. Ekon. Alfred Marshall Britainia Handiko ekonomialariak Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortu zuen ekonomia eskola, ekonomialari klasikoetan oinarritua. Eskola neoklasikoa denborarekin aldatzen ez diren oreka estatikoen konparaketan oinarritzen da, eta ez ekonomia sistemaren dinamikan, eta bere analisietan mikroekonomiari ematen dio batez ere garrantzia.  v  Teoria neoklasikoak. Teorialari askok 1870. urtearen inguruan agerturiko ekonomia alorreko teoriei ematen dieten izena. Hiru izan ziren teoria horien bultzatzaile nagusiak: Karl Menger (Vienako edo Austriako eskolaren sortzailea), Stanley Jevons (Britainia Handiko eskolaren sortzailea) eta Léon Walras (Lausanako eskolaren sortzailea).