neoliberalismo
iz. Ekon. Estatuaren esku hartze mugatua onartzen duen liberalismo mota. 1930 inguruan agertu zen neoliberalismoa, krisiari eta SESBen sendotzeari aurre egiteko helburuekin. Neoliberalismoaren jarraitzaileen ustetan, monopolioak izateak, merkatu librean desegokitasunak sortzen dituenez, estatuaren esku hartze ekonomiko mugatua eskatzen du monopolioek sortutako desorekak saihesteko; neurri horiekin batera, zerga erreforma eraginkorra ezarri beharra dago gastu publikoa, geroz eta handiagoa, finantzatu ahal izateko. Neoliberalismoa Eucken-en inguruan (Röpke, L. Erhard) sorturiko ekonomialari taldearen dotrina da. Talde horren helburu nagusiak ekonomiaren deszentralizatzea, salneurrien askatasuna bultzatzea, kanpoko merkataritzaren liberalizazioa eta ekintza monopolistak desagertzea ziren, aurrekontuen oreka ziurtatuz. Alemaniako miraria –gerra ondoko Alemaniaren garapena– ekarri zuen politika ekonomikoak puntu horiek hartzen ditu oinarritzat. Estatu Batuetan garrantzi handia izan du neoliberalismoaren ildotik Chicagoko unibertsitatean sortu zen ekonomialari taldeak.