Neolitoa
Historiaurreko aroa, Mesolitoaren (edo Epipaleolitoaren) eta Brontze Aroaren artekoa. Aldi hartan errotik aldatu zen gizonaren bizibidea, harrapari huts izatetik ekoizle izatera aldatu baitzen. Haren ondorioz gizonak bizileku finkoak hartu zituen eta hala lehen hiriak sortu ziren. v Neolitoaren sorrera. Neolitoa Ekialde Hurbilean (Nilo, Eufrates eta Tigris ibaien artean) sortu zen duela 9.000 urte inguru, eta handik hedatu zen Europan, Afrikan eta Asian zehar. Euskal Herrian orain dela 3.000 urte inguru izan zen Neolitoa. v Neolitoaren ezaugarriak. Ezaugarri asko bilatu izan dira Neolitoa definitzeko; hala, oraintsu arte, pentsatu izan da harria lantzeko modua zela haren ezaugarri nagusia, aldi hartan harria askoz ere gehiago landu eta leundu ere egiten zenez. Alabaina, lorpen nagusi bat du ezaugarri Neolitoak: gizona ehiztari eta fruitu biltzaile izatetik ekoizle izatera igaro zela, hau da, lurra lantzen ikasi eta animaliak hezitzen hasi zela. Gainontzeko lorpen guztiak, baita harria leuntzeko era bera ere, premia berriei erantzuteko moduak bide ziren. Neolitoan gertatu zen aldaketa sakon hark errotik aldatu zuen gizonaren bizibidea, maila guztietan. Hala, tresna, teknika eta arte adierazpide berriak sortu ziren, bizimodu berria eratu zen laborantza eta abeltzaintzaren inguruan, gizarte antolaketa berriak agertu ziren, eta sinesmenak ere aldatu ziren. v Bizibide berriak: nekazaritza eta abeltzaintza. Gizonak antzinatik ezagutzen zuen landareen zikloa, lurreko fruituak bildu eta haiek janez elikatzen zenez. Era berean, ezagutzen zituen animalien ohiturak ere, haiekin batera bizi izan baitzen sortu zenez geroztik. Hala, duela 9.000 urte inguru, lurralde emankorretan (Nilo ibaiaren inguruan eta Eufrates eta Tigris ibaien artean) bizi zen gizonak laboreak lantzen ikasi zuen. Hasieran, bihiak erein zituen: garia, zekalea eta artatxikia, batez ere, baina lihoa ere lantzen zuen ehunak eta arropak egiteko. Geroago, orain dela 7.000 urte inguru Txinan eta Indian arroza ere ereiten zen. Ameriketan, bestetik, orain dela 5.000 urte ereiten zen artoa. Mexikon, Tehuacan haranean aurkitu dira artoaren aztarna zaharrenak eta, horrekin batera, babarrunarenak, txilearenak eta kalabazarenak. Perun orain dela 3.000 urte erabiltzen zuten kotoia. Fruituak biltzetik lurra lantzera pasa zen bezala, halaxe igaro zen gizona ehiztari izatetik animaliak hezitzera. Orain dela 13.000 urte inguru zakurrak heziak zituen gizonak eta ehizan laguntzen bide zioten. Duela 8.500 urte inguru ehiztari batzuk artzain bihurtu eta ardiak, ahuntzak eta behiak zaintzen hasi ziren Ekialde Hurbilean, Txinan eta Indian. Geroago, zerria, astoa, zaldia eta gamelua ere hezi zituzten. Dela dela, prozesu hori oso poliki gertatu bide zen, eta aurrerapen horiek ez zituzten baztertu aurreko denboretan ekonomiaren oinarriak izan ziren beste alorrak, gizonak ehizan, arrantzan eta fruituak biltzen jarraitu baitzuen. Horrela bada, Neolitoko bizibide berri haien harira tresna, lanabes eta teknika berriak sortu ziren premia berriei erantzuteko. v Tresna eta teknika berriak. Neolitoan harria lantzeko modu berri bat asmatu zen: harria leuntzea. Hala, harriari forma berriak eman eta tresna berriak asmatu zituen gizonak: lurra lantzeko aitzurrak, harria leunduz egindako aizkorak, igitaiak, labanak eta beste asko. Era berean, zeramika asmatu zen. Paleolitoan gizonak nolabaiteko ontziak egiten bazituen ere, Neolitoan hasi zen zeramika garatzen, eta era askotako ontziak asmatu ziren eginkizun berezietarako. Bi arrazoi nagusik bultzatuta sortu eta indartu zen zeramika: bata izan zen gizona leku jakin batean finkatu eta etxe eta herri iraunkorrak eraiki zituela labore lurren inguruetan; hala, garai hartan asmatu ziren lurrezko adreiluak etxeak eta bestelako eraikuntzak egiteko; orobat, beroa jasateko eta isurkariak gordetzeko ontziak ere egiten hasi ziren. Beste arrazoia izan zen gizonak uztak gordetzeko premia izan zuela eta, ontziak egiten hasi zela laboreak gordetzeko. Hala, gizona taldean bizitzen hasi zelarik, lanbide eta gizarte harreman berriak sortu ziren haren ondorioz: adibidez, lan espezializatua sortu zen eta trukeak (merkataritza) funtsezkoak gertatu ziren gizarte antolaketa berrian. v Gizarte antolaketa berria: lehen herriak. Bizibide berriak hala eskatzen zuelako gizona bizileku jakin batzuetan kokatu zen, lurra landu eta uztak zaindu ahal izateko. Hala, Paleolitoko gizon ehiztari ibiltaria lurrari lotua geratu zen, eta lehen herriak sortu ziren. Lehenbiziko herriak eta hiriak Ekialde Hurbilean sortu ziren K.a. 6000. urte inguruan. Herrixkak handituz joan ahala, hiri bilakatu ziren. Adibidez, Jerikok, K.a. 6000 inguruan eraiki zenak, 2.000 biztanle inguru zituen. Harresiz inguratutako lehen hiria da Jeriko; etxeak adreiluzkoak ziren eta hormak igeltsuzkoak. Garai hartako beste hiri aipagarria Çatal-Hüyüc da (Turkia). Herri bat eraikitzeko gizonak talde handi samarretan bildu zirenean, lanaren banaketa eta espezializazioa sortu zen. Hala, batzuek lurrak landu eta beste batzuek etxeak eta ontziak egiten zituzten. Aberastasuna ere hainbat moduz banatu bide zen, garai hartako aztarnategietan aurkitu diren arrastoetan etxe batzuk besteak baino handiagoak eta sendoagoak baitira. Lanaren banaketarekin batera, trukea (merkataritzaren aitzindaria) agertu zen: uztak behar baino gehiago ematen zuenean, bihia beste zerbaiten truke aldatu ohi zen; eskulangileek ere zerbaiten truke egin zuten lana seguruenik. Gatza izan zen, agi danean, merkataritzaren lehen gaia. Hiriak sendotuz joan ziren ahala, harresiz inguratu eta gotorleku bilakatu ziren, hango aberastasuna babestearren. Bestetik, ordea, merkataritzarekin hiriak beren artean harremanetan hasi bide ziren eta nolabaiteko lotura sortu zen haien artean. v Neolitoaren amaiera eta lehen zibilizazioen sorrera, Ekialde Hurbilean. Ekialde Hurbilean, ibai handien inguruko lur emankorretan (Nilo, Tigris eta Eufrates ibaien inguruan), eraiki ziren lehenengo hiriak. Gerora, hiriak handituz joan ahala, harresiz babestu eta lehenengo gudaroste iraunkorrak sortu ziren haiek babesteko. Hala, hiriak beren artean harremanetan hasi ziren merkataritzaren edo indarren bidez. Modu horretan, lehen hiri elkarteak edo zibilizazioak agertu ziren K.a. 3500. urte inguruan. Eufrates eta Tigris ibaien artean Mesopotamiako zibilizazioa sortu zen, Nilo ibaiaren inguruan Egiptokoa, eta Indo haranean, berriz, Indoko kultura. Halaber, Txinan Hoang Ho eta Yangtze ibaien inguruan sortu ziren zibilizazioguneak. v Neolitoa, Europan. Neolitoko kultura Ekialde Hurbiletik hedatu baitzen, berandu iritsi zen Europara. Hala, Ekialde Hurbilean, Indian eta Txinan Brontze Aroan sartu ziren unean (K.a. 2500. urte inguruan) Europan Neolitoan bizi zen gizona. Zenbait tokitan, gainera, abeltzaintza lehenago sartu zen nekazaritza baino eta horregatik askoz urriago dira garai hartako herrien aztarnak. Bestetik, Europan hasieran ez ziren herri iraunkorrak sortu; luberriak egin, lurra lantzeko prestatu eta emankortasuna galtzen zuenean, leku hura utzita beste lurralde batzuen bila joaten ziren bihia ereitera. Neolitoko aztarna zaharrenetakoak orain dela 6.000 urte ingurukoak dira Europan. Garai hartako harrizko hilobiak aurkitu dira Italian. Iberiar Penintsulan orain dela 4.500. urte inguruko zeramika puskak aurkitu dira Cova de l’Or izeneko haitzuloan (Alacanten). Neolitoaren bukaeran eta Brontze Aroaren hasieran agertu ziren Europan monumentu megalitikoak: zutarriak, harrespilak eta trikuharriak, batez ere. Bretainian, Britainia Handian halako asko daude; Euskal Herrian ere badira. v Neolitoa, Euskal Herrian. Ekialde Hurbilean Neolitiko iraultza gertatu zenean, Euskal Herrian Mesolitoan bizi zen gizona. Kultura aldaketa oso poliki gertatu zen Euskal Herrian eta badirudi artzaintzan hasi zirela lehenbizi eta lurra lantzen gero. Dena dela, badirudi Epipaleolitoko eta Neolitoko kulturek nahasirik iraun zutela denbora luzez eta Brontze Aroan errotu zela aldaketa. Aldi hartan gizona, artzain bihurturik, haitzuloetan jarraitu zuen bizitzen; garai hartako aztarnak (aizkorak, geziak, etab.) aurkitu dira Fuente Hoz (Araba), Los Husos (Araba) eta Marizuloko (Gipuzkoa) leizeetan. Euskal Herriko hegoaldean aurkitu dira Neolito bukaera aldeko edo Brontze Aroaren hasierako herrixka batzuen aztarnak ere: ezagunena La Hoyako herrixka da (Guardian), orain dela 2.000 urte inguru eraiki bide zena. Halaber, monumentu megalitiko ugari (zutarriak, harrespilak eta trikuharriak) dira Euskal Herrian zehar; leku horiek artaldeentzako larreak diren tokietan daude; Aralar eta Urbasako mendietan, esaterako. Antzinako oroitarri haiek Neolitoko kulturaren adierazgarri dira eta lehen artzain haiek sinesmenen adierazpide.