Necker, Jacques
Frantses politikari eta finantzaria (Geneva, 1732 - Geneva, 1804). 1747an Parisa joan zen eta bankari gisa jardun zuen han. 1776an Erregearen Altxorraren zuzendari izendatu zuten eta 1777an Finantzen zuzendari. 1781ean Erregearentzako txostena argitaratu zuen, Estatuaren finantza egoeraren eta gorteko gizonek eskuratutako dirutzaren berri ematen zuena; txosten hori zela eta kargua utzi behar izan zuen urte hartan bertan. 1788an estatuaren finantzek lur jo zutenean, erregeak ministro izendatu zuen, eta horrela baketu zituen matxinatzear zeuden Parisko hiritarrak. 1789an Estatu Orokorretarako deia egin zuen eta Hirugarren Estatuaren ordezkari kopurua bikoiztea eskatu zuen; baina Hirugarren Estatuaren ordezkariak aurka jarri zitzaizkion eta handikiek iraultzari bide eman izana egotzi zioten. 1789ko uztailaren 11n erregeak Necker kargutik kendu izanak finantzariak zeharo aztoratu zituen eta herriak Bastilleko gaztelua hartzea eragin zuen. Uztailaren 16an erregeak berriro deitu zion finantzen arduradun izan zedin, baina ez zuen ekonomia arazoak bideratzea lortu eta 1790ean politika utzi zuen behin betiko. Idazlan nagusiak: Éloge de Jean-Baptiste Colbert (1773), Essai sur la législation et le commerce des grains (1775) eta De l’administration des finances de la France (1784).