Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Nebraska

Estatu Batuetako erdialdeko estatua. 200.017 km2. 1.588.000 biztanle. Hiriburua, Lincoln. Hiri nagusia: Omaha. Biztanleriaren bi herenak hiri ingurunean bizi dira. Mugak: iparraldean Hegoaldeko Dakota; ekialdean Iowa eta Missouri; hegoaldean Kansas; hego-mendebalean Colorado eta mendebalean Wyoming. Gorabehera handirik gabeko ordokia da. Klima kontinental lehorra du; estepako landaredia da nagusi, oihan lurraldea (pinua eta haritza) mendebalera hedatzen delarik. Ibai sarea Missouri ibaiaren arroari dagokio eta ibai nagusia Platte da; ibai horren arroak lurraldearen hegoaldeko erdia hartzen du.  v  Ekonomia. Nekazaritza ekonomia jarduera garrantzitsua da (biztanleriaren % 26). Abelzaintzak (behi azienda gehienbat) nekazaritza sarreren ia hiru laurden ematen ditu. Laborantza lurren eremua handitu da ureztatze sistemari esker. Nekazaritzako gai nagusiak: artoa, garia, zekalea, oloa, basartoa, etab. Industria: elikadura, makineria, kimika ekoizpenak, plastikoak, zur industria, etab. Mea baliabide nagusiak: petrolioa eta gas naturala.  v  Historia. K.a. 8000. urteko biztanleen aztarnak aurkitu dira Nebraskan. Europarrak agertu ziren garaian zenbait tribu estatuko sortaldean eta erdialdean modu erdi egonkorrean kokaturik zeuden han: ponka, omaha, ute eta pawnee. Nebraskako sartaldea beste leinu batzuen ehiza eremua zen: siux (oglala, brule); arapahoe, komantxe eta txeiene. XVI-XVIII. mendeetan espainiarrek eta frantsesek esploratu zuten. Estatu Batuek 1803an frantsesei erosi zieten Louisianarekin batera. 1867an Nebraska estatu federatu bilakatu zen. 1880 inguruan indiarren azken erresistentziagunea hautsi zuten.