Mitchell, Joni
(Jaiotza izena, Roberta Joan Anderson). Kanadar abeslaria eta musikagilea (McLeod, Alberta, 1943). Chuck Mitchell musikariarekin ezkondu zen eta harengandik hartu zuen izena. 1967an New Yorkera joan zen, eta han argitaratu zuen bere lehen diskoa: Songs to a Seagull. 1968an Judy Collinsek Mitchellen zenbait kantu grabatu zituen, "Both Sides Now", besteak beste, eta arrakasta handia izan zuen. Arrakasta handi horri esker, Mitchellen diskoak ere zabaltzen hasi ziren. Aurrerago, Kaliforniara joan zen bizitzera, eta han grabatu zituen bere diskorik ezagunenak: Clouds (1969), Ladies of the Canyon (1970), Blue (1971), Court and Spark (1974) eta Turbulent Indigo (1994). Bere musika barnekoia eta lirismo handikoa da, eta jarraitzaile ugari ekarri zizkion. Beste disko batzuetan –Hejira (1977) eta Mingus (1979)–, bere ohiko rock eta folk musikaz harago, jazz musika sartu zuen.