Mitchell, Arthur
Estatubatuar dantzari, maisu, koreografo eta zuzendari artistikoa (New York, 1934). Dantzari afroamerikarrez eratutako ballet klasikoko lehen konpainia handiaren sortzailea. Dantza ikasketak egin zituen New Yorkeko High School of Performing Arts-en eta School of American Ballet-en. 1956an George Balanchine koreografoaren New York City Ballet-en hasi zen lanean, eta beretzat bereziki prestatutako paper asko jokatu zituen, hala nola Puck-ena Udako gau bateko ametsa-n (1962). 1968an bere bizitzako proiektua hasi zuen, Harlem-go Dance Theatre konpainia, baztertutako gazteak prestatzera bideratutako dantza klasikoko taldea. Karel Shook ballet irakaslearekin batera, DTH izenaz ezagutzen den eskola eta konpainia sortu zuen. Konpainiaren errepertorioan, Balanchineren lanak ez ezik, XX. mendearen hasierako maisuenak eta egungo koreografo onenenak ere sartu ziren. 1995ean Estatu Batuetako Arteen Domina eman zioten, dantzaren alde egindako lanaren sarigarri.