Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Mayekawa

edo Maekawa, Kunio. Japoniar arkitektoa (Niigata-shi, 1905 - Tokio, 1986). Tokioko Unibertsitatean egin zituen arkitekturako ikasketak, eta han graduatu ondoren, Parisa aldatu zen. Parisen bizi izan zen garaian Le Corbusier arkitektoarekin lan egin zuen, harik eta 1935. urtean bere estudioa zabaldu eta bakarkako karrera hasi zuen arte. Mayekawa japoniar arkitektura berriaren aitzindaritzat hartua da Junzo Sakakurarekin batera (hura ere Le Corbusierren jarraitzailea). Kunio Mayekawa hasi zen Japoniako arkitekturan hormigoiaren adierazkortasun ahalmena nabarmentzen, bere maisuarengandik ikasitako teknikak aplikatuz eta bere teknika propioak sortuz. Bere lanarekin hizkera berezia sortu zuen eskulturan, Kiotoko udaletxean (1958-1960) edota Tokioko Metropolitan Hall kulturagunean (1958-1961) ikus daitekeenez. Tokioko Harumi etxe sailean (1957) herri arkitekturako gaiak erabili zituen, etxe-orratzen eskalara eramanda gai horiek. Aipagarria du, halaber, Janome josteko makinen lantegiaren bulego eraikina (1965), zeinetan erabili baitzituen hormigoizko atalak, eguzkiaz babesteko ez ezik, baita adierazkortasun indarra areagotzeko ere. Dena dela, monumentalismotik urruneko zenbait lan ere egin zituen, adibidez Saitamako Kultura Gune Probintziala (1966), adreiluz egina eta kanpo espazio intimoez osatua.