Maxwell, Robert
(Jaiotza izena, Jan Ludvick Hoch). Britainiar argitaratzaile, politikari eta komunikazioen alorreko negozio gizona, jatorriz txekiarra (Slatina-Selo, 1923 - 1991). Familia judu batean sortu zen. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean Budapestera aldatu zen eta han jardun zuen lanean. Hezkuntza formalaren alorrean ikasketak egiteko aukera handirik ez zuen izan, baina hizkuntzetarako erraztasun handia zuen, eta bederatzi hizkuntza ikasi zituen. Nazien esetsaldiaren eraginez Budapestetik ihes egin behar izan zuen (bere familiako kide gehienak nazien sarraskietan hil zituzten) eta britainiar gudarostean sartu zen; orduan aldatu zuen izena, soldadu sartzen ziren iheslariei hala eskatzen baitzitzaien. Gerra amaitu zenean argitaletxe bat sortu zuen Pergamon, eta ospe handia eskuratu zuen Britainia Handiko argitalpen zientifikoen alorrean. Politikagintzan 1959an hasi zen, Alderdi Laboristako hautagai gisa; legebiltzarreko kide izendatu zuten, 1964an eta horretan jardun zuen 1970 arte. Hurrengo urtean ekonomia porrotetik libratu zuen British Printing Corporation konpainia, Britainia Handiko aldizkari eta egunkari argitaratzaile handia, eta Maxwell Communications Corporation izena hartu zuen. 1984an Mirror Group Newspapers konpainiaren lehendakari izendatu zuten, handik hiru urtera London Daily News egunkaria sortu zuen eta The European 1990ean. 1990erako munduko komunikabide inperiorik handienetakoa zuen bere esku, Britainia Handiko komunikabideak ez ezik, Estatu Batuetako argitaletxeak eta telebista produkziokoak eta zinema filmenak bildurik inperio horretara. Baina bere negozioek ez zioten etekin handirik ematen, eta bere ondasunak saltzen hasi zen 1991n. Urte hartan bertan desagertu zen, bere itsasontzian zihoala, eta bere gorpua Kanariar uharteen inguruan aurkitu zuten. Hil zenean bere korporazioak 400 milioi librako zorra zuen gutxi gorabehera.