Martínez Sanabria, Fernando
(Chuli Martínez deitua). Kolonbiar arkitektoa, jatorriz espainiarra (Madril, 1925 - Santafe de Bogota, 1991). Espainian jaio zen arren, oso gazterik aldatu zen bere familiarekin Kolonbiara, 1938an, eta Santafe de Bogotako Unibertsitate Nazionaleko Arkitektura Fakultatean ikasi zuen. Herri lanetako ministerioan hasi zen lanean 1948an, eta geroago familia bakarrerako etxebizitzen proiektu egile gisa nabarmendu zen (Veraguas auzoko Banco Central Hipotecarioren etxebizitzak, 1956). Beste zenbait obra aipagarriren artean azpimarratzekoak dira Barranquillako Caja Agrariaren eraikina (1961), Unibertsitate Nazionaleko Ekonomia Fakultatea, Santafe de Bogotako Bavaria eraikina eta Pahlavi liburutegiaren proiektua (Teheran). Irakasle lanetan jardun du, Unibertsitate Nazionaleko eta Andeetako Unibertsitateko Arte Ederretako katedradun gisa (Santafe de Bogotan biak). Bere arkitekturari dagokionez, nabarmen agertzen da paisaia barne espazioetara erakartzeko asmoa; argi naturala erabili zuen nagusiki, eraikinari askatasun eta dinamismo handia ematen zioten irekigune geometrikoen bitartez, eta horma bihurgunetsuak, maila desberdinak, sabai okerrak, eta funtzionaltasuna ere ezaugarri aipagarriak dira bere obran. Hainbat sari irabazi du, besteak beste, Kolonbiar arkitekturako I. Bi Urtekokoa (1960) eta ohorezko aipamena Donostiako Euro-Kursaal Turismo Gunearen proiektuaren zirriborroarekin (1963).