Martínez Novillo, Cirilo
Espainiar margolaria (Madril, 1921). Madrilgo Escuela de Artes y Oficios eta Escuela Superior de Pintura, Escultura y Grabado eskoletan egin zituen ikasketak. Garai hartan ezagutu zituen Daniel Vázquez Díaz eta Gaztelako paisaiaren tratamendu berezia ezaugarri zuen "Escuela de Madrid" taldeko zenbait kide. Zenbait aldizkari eta egunkaritako lankide izan zen. Gerra zibilaren ondoren espetxeratu egin zuten, eta espetxetik atera zenean alfonbretarako zirriborroak egiten hasi zen Luis XV.a, XVI.a, Chippendale eta beste estilo batzuetako marrazkietan oinarriturik, eta ondoren Parisa bidaiatu zen ikasketak sakontzera. Martínezen lana figuratiboa da gehienbat; izadi hilak eta irudiak egin zituen lehenengo aldian, eta geroago paisaiagile gisa nabarmendu zen. Bere obrak Espainiako eta atzerriko bilduma pribatuetan eta Madrilgo Gaur Egungo Arte museoan, Bilboko Arte Ederretakoan eta abarretan daude ikusgai. Hainbat erakusketa egin ditu bere karreran zehar, bai bakarkakoak zein taldekakoak. Bakarkako lehen erakusketa 1947an egin zuen Madrilgo Buchholz galerian, eta geroztik aipagarriak ditu Parisko Galerie Eponekoa (1964), Zuricheko Galerie Burdeken egindakoa (1964) edota Suitzako Müller galeriakoa (1967). Talde erakusketei dagokionez, hainbat erakusketa eta azokatan parte hartu du, adibidez Veneziako Bi Urtekoan (1950 eta 1954).
- Martínez de las Rivas, José María
- Martinez de Lezea, Toti
- Martinez de Lizardui Lizarribar, Iker
- Martinez Iturri, Juan Manuel
- Martínez Márquez, Ramón
- Martínez Novillo, Cirilo
- Martínez Oca, Xosé M
- Martinez Ortiz de Zarate, Nikolas
- Martínez Prieto, Horacio
- Martínez Ruiz, José
- Martínez Sanabria, Fernando