MacLaine, Shirley
Estatubatuar antzezlea (Richmond, 1934). Warren Beatty antzezlearen arreba da. Txiki-txikitatik zituen gustuko dantza eta kantua, eta Wahington-eko ballet eskolan ikasi zuen. Dantzari eta kantari gisa lan egin zuen errebista konpainia batean Brodway-n. Gau batean Warner-eko zinemagile batek harengan arreta jarri zuen, eta Hollywood-en hasi zen lanean. Debuta Hitchcocken Baina, zeinek hil zuen Harry? filmean egin zuen, 1955. urtean. Oso aurpegi adierazkorra du, eta berdin-berdin egin ditu komediak eta dramak. Horren adibide da Apartamentua lana (1960). Lan hori antzezle onenenaren Oscar saria jasotzeko izendatu zuten. 1970eko hamarraldiaren ondoren batez ere telebistarako lanak egin zituen, eta politikan ere aritu zen. Zinemara Maitasunaren indarra lanarekin itzuli zen 1983. urtean, eta antzezle onenenaren Oscar saria lortu zuen. Beste hiru filmetan ere izendatu dute sari horretarako, hala nola, Uholde bat bezala (1958), Irma gozoa film zoragarria (1963) eta Urrats erabakigarria (1977). MacLaineren beste lan aipagarri batzuk dira: Munduari itzulia 80 egunetan (1956), Kalumnia (1961), Bi mando eta emakume bat (1970), Altzairuzko magnoliak (1989).