MacLachlan, Patricia
Estatubatuar idazlea (Cheyenne, Wyoming, 1938). Connecticuteko Unibertsitatean atera zuen lizentzia 1962. urtean, eta ondoren ingeleseko irakasle hasi zen lanean. Bere lehenengo literatura lana, The Sick Day (Egun eria), 1979an eman zuen argitara, eta hurrengo urtean argitaratu zituen Through Grandpa's Eyes (Aitonaren begietan) eta Moon, Stars, Frogs, and Friends (Ilargia, izarrak, igelak eta adiskideak) obrak. Oro har, joera errealistako lanak idatzi ditu, baina badu joera horretatik aldenduta idatzitako lan aipagarri bat, Tomorrow's Wizard (1982, Etorkizuneko aztia) fantasiazko liburu bikaina. Bere liburuetan haurren eta beren ingurukoen arteko harremanen gaia aztertu izan du nagusiki, adibidez, Arthur, for the Very First Time (Arthur, lehenengo aldiz), Cassie Binegar (1982), Mama One, Mama Two (1982) lanetan. Beste obra aipagarri batzuk dira Seven Kisses in a Row (1983, Zazpi musu ilaran), The Facts and Fictions of Minna Pratt (1988, Minna Pratten errealitateak eta fikzioak), Journey (1991, Bidaia) eta batez ere Sarah, Plain and Tall (Sara, itsusi luzea) eleberria, egilearen obra nagusia, 1985ean argitara emana eta 1991. urtean telefilm baten oinarri izan zena.