Mackay, David
Britainiar arkitektoa (Eastbourne, Sussex, Ingalaterra, 1933). Arkitektura ikasketak gauez egin zituen, Londresko Northern Polytechnic-eko Arkitektura sailean, ohorezko diplomarekin (1958). Royal Institute of British Architects-eko (RIBA) kide da 1959. urteaz geroztik. Urte horretan Bartzelonan hartu zuen bizilekua. 1960an RIBA-k Andrew N. Prentice saria eman zion Espainiako arkitekturari buruz egindako ikerketengatik. 1962an J. Martorell eta O. Bohigas-ekin elkartu zen, eta MBM enpresa sortu zuen. 1966an Bartzelonako goi mailako arkitektura eskolako titulua lortu zuen. 1968an Puig i Cadafalch saria eman zion Kataluinako Arkitektoen Eskola Ofizialak De la revolució espartaquista al pavelló de Barcelona saiakera lanagatik. Irakasle gonbidatua izan da Washington-eko St. Louis Unibertsitatean (1981). Bartzelonako Catholic University of American-eko Foreign Studies Program-eko zuzendari izan zen urte horretan bertan, eta 1986an Wisconsin-eko Unibertsitateko Arkitektura eskolako irakasle gonbidatua izan zen. Bere lanengatik hainbat sari irabazi ditu, bai bakarka, bai bere kideekin batera.