Macías Nguema, Francisco
Ekuatore Gineako politikaria (Nsegayong, 1924 - 1979). Ekuatore Gineako Herriaren Ideia alderdiaren buruzagi zelarik, Ekuatore Gineako burujabetzari buruzko konferentzian parte hartu zuen (1967-68), eta 1968ko irailean Errepublika berriko lehendakari egin zuten. 1972an bizitza guztirako lehendakari izendatu zuen bere burua. Aginpidean egon zen urteetan behin eta berriro zapaldu zituen bere gobernuaren kontra zeudenen eskubide oro. 1979an aginpidetik bota zuen estatu kolpe batek. Epaitu, heriotzara kondenatu eta hil egin zuten 1979ko irailaren 29an.