Macià i Llussà, Francesc
Kataluniar politikaria (Vilanova i Geltru, 1859 - Bartzelona, 1933). Ingeniari militarra zen lanbidez. Bere jokaera politikoaren ondorioz gudarostea utzi behar izan zuen. 1907an Gorteetarako diputatu aukeratu zuten Solidaritat Catalanaren izenean. 1917an Parlamentarien Biltzarrean parte hartu zuen, eta 1922an Estat Català alderdi nazionalista sortu zuen. Primo de Riveraren diktadura garaian Frantziara erbesteratu zen; handik Prats de Molló-ko matxinada antolatu zuen (1926). Frantziako gobernuak epaitu eta kanporaturik Hego Amerikara joan zen, eta handik Belgikara. 1931n Bartzelonara itzuli zen. Bertan Esquerra Republicana de Catalunya alderdia sortu zuen Lluís Companys-ekin batera. 1931ko hauteskundeak irabazi ondoren, Kataluniako errepublikaren aldeko aldarrikapena (apirilaren 14an) egin zuen. Horren ondorioz Govern de la Generalitat de Catalunya osatu zen (apirilaren 17an), eta Macià i Llussà aukeratu zuten lehendakari. 1932an Kataluniako Autonomia Estatutua onartzea lortu zuen. Hurrengo urtean hil zen.