Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Luis

Hungariako bi erregeren izena.  v  Luis I.a. (Handia deitua). Hungariako erregea 1342-1382 urteetan (1326 - Nagyszonbat, 1382). Karlos Robertoren semea zen eta kanpo arazoez arduratu zen nagusiki. Italian Napoliko errege izan zen aldi batez eta Veneziaren eskuetatik Dalmaziako hiriak eskuratu zituen Hungariako koroarentzat. Balkan aldera zabaldu zuen gerra eta bere mende ezarri zituen Moldavia, Bulgaria eta Serbia. 1370. urtean Poloniako errege izendatu zuen herri hartako dietak. 1371n Murat I.a sultan otomandarraren osteak menderatu zituen. Maria alaba izan zuen ondorengo.  v  Luis II.a. Hungariako eta Bohemiako erregea 1516-1526 urteetan (Buda, 1506 - Mohacs, 1526). Ladislas VI.a Jagellon-en semea zen eta Maria Habsburgokoa Karlos V.aren arrebarekin ezkondu zen. Belgradeko hiriaz jabetu ziren turkiarren aurka borrokatu zen, baina ezin eutsi izan zien. 1526an turkiarrak Hungarian sartu eta Mohacs-eko guduan xehakatu zuten armada hungariarra. Gudu hartan hil zen Luis II.a.