Luis
Nafarroako bost erregeren izena. v Luis I.a Nafarroakoa eta X.a Frantziakoa. (Hutin «liskarzalea» deitua). Nafarroako erregea 1305-1316 bitartean, eta Frantziako erregea 1314-1316 urteetan (Paris, 1289 - Vincennes, 1316). Joana I.a Nafarroakoaren eta Filipe IV.a Frantziakoaren semea eta ondorengoa izan zen. 1305ean Nafarroako errege izendatu zuten, ama hil ondoren. 1307ko urrian zin egin zituen Nafarroako foruak eta urte bereko abenduan utzi zuen betiko eremu hori. 1305ean Margarita Burgundiakoarekin ezkondu zen eta ezkontza hartatik jaio zen Joana II.a, Nafarroako erregina izango zena. 1314an egin zuten Luis I.a Nafarroakoa Frantziako errege. Aitonen seme batzuen aurka jo zuen eta juduen eta lonbardiarren aberastasunez baliatu zen dirua lortzeko. 1315ean Klementzia Hungariakoarekin ezkondu zen, Margarita lehen emaztea hil ondoren. Joan I.a haien semea jaio eta bosgarren egunean hil zen, eta Filipe V.ak hartu zuen bere lekua Frantziako erregetzan. Filipe II.a bere osaba izan zuen ondorengo Nafarroako koroan. v Luis II.a Nafarroakoa eta XIII.a Frantziakoa. Frantziako eta Nafarroako erregea 1610-1643 urteetan (Fontainebleau, 1601 - Saint-Germain-en-Laye, 1643). Henrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoaren semea eta ondorengoa izan zen. Adin txikikoa zen bitartean Maria Medicikoak, haren amak, gobernatu zuen Concini politikari italiarrak lagunduta. 1617an Luis XIII.ak Concini hilarazi zuen, Charles de Luynes-en laguntzaz. Maria Medicikoak semearen aurka jo zuen baina Ponts-de-Cé-ko guduan menderatu zuten (1620). Luynes-ek, bere aldetik, protestanteei eraso zien eta Montaubanen hil zuten (1621). Gorabehera askoren ondoren, Richelieu kardinala, ama-semeak bateraturik, Lehen Ministro izan zen (1624). Handik aurrera Luis XIII.a Richelieuren mendean egon zen eta beti babestu zuen erregeak bere ministroa, amaren, emaztearen eta anaiaren konplot eta eraso guztietatik. Bi alderdi nagusitu ziren Frantziako politika giroetan Luis XIII.aren garaian: Espainiarekiko hitzarmenak bideratu nahi zituzten katolikoak eta Frantziako handitasuna molde protestanteen bidetik bilatu nahi zutenak. Frantziatik kanpora, bi erabaki hartu zituen Luis XIII.ak, besteak beste: 1620an frantses koroaren pean ezarri zuen Nafarroako erresuma, eta 1640an Bartzelonako konde titulua onartu zuen Espainiako koroaren aurka matxinatu ziren kataluniarrengandik, baina gerora ezertan ez zen geratu erabaki hura. v Luis III.a Nafarroakoa eta XIV.a Frantziakoa. (Handia eta Eguzki-erregea deitua). Frantziako eta Nafarroako erregea 1643-1715 urteetan (Saint-Germain-en-Laye, 1638 - Versailles, 1715). Luis XIII.aren semea eta ondorengoa izan zen. Bost urte zituen aita hil zitzaionean eta Ana Austriakoa ama izan zuen erregeorde, Mazarino kardinalaren laguntzaz. Urte haietan Frondako istiluei aurre egin behar izan zieten. Absolutismoaren ideologian eta Parisko hiriaren beldurrez hazi zuen amak, eta Mazarinok estatu gaiak irakatsi zizkion. Westfaliako hitzarmenak (1648. Alsazia Frantziako erresumaren barnean geratu zen) eta Pirinioetako Bakeak (1659, Faisaien Uhartea) eragin handia izan zuten Luis XIV.aren kanpo politikan. Pirinioetako Bakeak zuzeneko ondorioak izan zituen Espainiako eta Frantziako erresumetan: Pirinioetako muga neurri handi batean zehaztu ondoren, Luis XIV.ak (Mazarinoren bitartez) Nafarroa Garaiari uko egin zion eta, Rosselló Frantziako erresumaren barnean geratzen zela, Hego Katalunia ere Espainiako lurraldetzat onartu zuen. Horrez gainera, Luis XIV.a Maria Teresa Espainiako printzesarekin ezkonduko zen. Horren guztiaren truke, Espainiako koroak Europan gutiziatzen zituen lurralde guztiei uko egin behar zien. 1560. urtean Maria Teresarekin ezkondu zen Donibane Lohizunen (Hondarribian egin zen ezkontza horretako lehen meza). Mazarino hildakoan (1661), Luis XIV.ak Fouquet finantza arduraduna preso hartu zuen. Modu horretan erakutsi nahi izan zuen Frantziako nagusi zein zen. Handik aurrera bere esku hartu zituen ahal guztiak, ministroak haren aginduen eragile soil bihurtu ziren eta estatu arazoetatik bazter utzi zituen familia eta amoranteak. Frondako matxinada ez baitzuen ahazten, eginkizun militarrez beste zeregin berezirik gabe utzi zituen nobleak, eta parlamentuei ahalak kendu zizkien. 1672an Versaillesen hartu zuen bizilekua eta handik bideratu zuen bere politika, administrazio zentralizatuan, poliziaren kontrolean eta, kanpo aldean, konkista militarretan oinarritua. 1667an Herbehereetako konkista hasi zuen, Filipe IV.a Espainiakoa hil ondoren Maria Teresa emazteari zegokiola eta, baina Holandak, Ingalaterrak eta Suediak osatutako aliantza hirukoitzak bidea eragotzi zion (1668, Aix-la-Chapelleko hitzarmena). 1672an Holandaren aurkako gerra hasi zuen eta, Ingalaterrarekin hitzartu eta Suediaren eta alemaniar printzerriak neutral izatea lortu ondoren, jaun eta jabe geratu zen Nimegako bakearen ondoren (1678-1679, Herbehereek bereari eutsi zioten eta Espainiak betikoz utzi behar izan zion Franche-Comté Frantziako koroari). Bestalde, luze jo zuen (1673-1693) Luis XIV.aren, Frantziako apezpiku gehienak lagun zituela, eta aita santuen arteko auzi batek, erregalien auziak (Affaire de la Régale). Erregeek hutsik zeuden apezpikutegietako hobariak jaso ahal izateko zuten eskubidea zen erregalia (XII. mendea baino lehenagokoa) eta aspaldian horrelakorik baliatzen ez zen arren, Luis XIV.ak indarrean ezarri zuen, Bossuet teologoa lagun zuela. 1685ean, protestanteen eskubideak babesten zituen Nantesko ediktua balio gabe utzi zuen eta Frantziako protestante askok Prusiara eta Herbehereetara alde egin zuten. 1688an Ingalaterrak, Espainiak, alemaniar printzerri batzuek, Holandak eta Suediak Augsburgoko liga osatu zuten Luis XIV.aren aurka eta 1697an Luis XIV.ak hitzarmen bat sinatu behar izan zuen: Rijswijk-eko bakea. Espainiako Erregetzarako gerrak (1701-1713) guztiz ahitu zituen Frantziako finantzabideak, Frantziako koroak Utrecht-eko (1713-1715) eta Rastadt-eko (1714) hitzarmenetan ezer galdu ez zuen arren. Politikatik kanpora, Luis XIV.aren garaian biziki indartu zen Frantzian artea eta literatura. Erregearen gustuaren araberako klasizismoa nagusitu zen, Europan barrokoa gailen ageri zen garai hartan, eta literatura moldeak arau klasiko estu batzuei lotu ziren, Europako besteetan ez bezala. v Luis IV.a Nafarroakoa eta XV.a Frantziakoa. (Oniritzia deitua). Frantziako eta Nafarroako erregea 1715-1774 urteetan (Versailles, 1710 - Versailles, 1774). Luis XIV.aren bilobaren semea eta ondorengoa izan zen. Luis Burgundiako dukearen semea zen; bost urte zituen errege egin zutenean. Filipe Orleansekoa, Borboiko dukea eta Fleury kardinala izan zituen erregeorde 1743ra arte. Eragin handia izan zuten harengan bere maitaleek (Madame de Chateauroux, Madame de Pompadour, Madame Du Barry). Haren agintaldian finantza arazo handiak izan zituen Frantziak. Law ministro eskoziarraren porrotaren ondoren Fleury kardinalak zuzendu zuen egoera, Colbert-en bidetik, baina kanpo arazoek larriagotu zuten egoera. Poloniako erregetzarako gerraren ondoren (1733-1738. Frantziak Lorrena hartu zuen irabazian), Austriako erregetzarako gerran parte hartu zuen (1740-1748) eta ondorioak latzak izan ziren, garaipen arranditsuek ez baitzuten ekonomia maila guztiz larrian zegoen herriaren haserrea baretu. Bernis, kanpo arazoetarako ministroak hitzarmenetan egin zituen aldaketen ondoren, Zazpi Urteko Gerran sartu zen Frantzia Ingalaterraren aurka (1756-1763) eta Ameriketako eta Asiako koloniak (Kanada, India) galdu zituen, uharteak izan ezik. Bakea onez hartu zuen Frantziako herriak, kolonietan galera handiak ekarri zituen arren. Frantziako barne politikan gero eta kontrako jarrera biziagoa nabarmendu zen absolutismoaren aurka, Entziklopediaren eta filosofia liberalaren arrimuan eta erlijioaren alorrean lehen mailako arazo bihurtu zen jansenismoaren aurkako kanpaina. Monarkia bera ahulduta zegoen, Choiseul ministroaren erreformek ez zituzten liberalen nahiak bete eta 1770an aginpide absolutua indartzen saiatu ziren Maupeou, Terray eta d’Aguillon ministroak. Luis XV.aren garaian gorpuztu zen Frantziako iraultza mamituko zuen ideologia liberala, absolutismoaren instituzioentzat krisia hasten zelarik. v Luis XVI Frantziakoa eta V Nafarroakoa. Frantziako eta Nafarroako erregea 1774-1791 urteetan eta Frantsesen erregea 1791-1792 urteetan (Versailles, 1754 - Paris, 1793). Luis XV.aren biloba eta ondorengoa izan zen; Maria Josefa Saxoniakoa izan zuen ama. Vauguyongo dukeak hezi zuen eta 1770ean Maria Antonieta Austriakoarekin ezkondu zen. Ministroek erreforma batzuk hasi zituzten, baina aristokratek, parlamentuan, eragotzi zituzten. 1783an Versaillesen Ipar Amerikako independentzia berresten zuen hitzarmena sinatu zen, eta Frantziako koroak neurri batean zabaldu ahal izan zuen bere itzala nazioartera. Barne politikan, ordea, okerrera jo zuen egoerak: nobleak erregearen absolutismoaren aurka matxinatu ziren eta ekonomia eta gizarte egoera ezin txarragoak Estatu Orokorretara deitzera behartu zuen erregea. 1789ko uztailaren 9an Frantziako nazio biltzar konstituziogilea osatu zen, Estatu Orokorretara bilduriko hirugarren estatuaren presioaz, eta uztailaren 14an Parisko herriak neurri hori indartu zuen (La Bastilleren hartzea). Maria Antonietaren eta anaien eraginpean zegoela betiere, Luis XVI.ak ez zien errege pribilegioei uko egin nahi izan eta ez zuen, eskatu zitzaion bezala, Giza Eskubideen Aldeko Aldarrikapena onartu. Erregearen aurkako matxinada handiak izan ziren Parisen 1789ko urriaren 5ean eta 6an eta, azkenean, gogoz kontra onartu behar izan zituen erregeak konstituzio monarkiaren oinarriak. 1791ko ekainean Luis XVI.a ihes egiten saiatu zen; hala ere urte bereko irailean konstituzioa errespetatuko zuela zin egin zituen, Frantsesen errege bihurtu zenean. 1792ko apirilean Austriaren aurkako gerra hasi zuen, kanpoaldeko gerrak bere egoera zuzenduko zuelakoan, baina girondarrak gobernutik kanpo utzi izanak (1792ko ekaina) eta Brunswick jeneral prusiarrak Parisko iraultzaile guztiak larrutuko zituela esanez eman zuen agiriak (1792ko uztaila) guztiz indartu zituzten errepublikaren aldeko asmoak. 1792ko abuztuaren 10ean Luis XVI.a eta errege familia preso hartu zituzten. 1972ko abenduaren 3an zabaldu zen Luis XVI.aren aurkako auzia eta, girondarrek jarrera moderatua izan zuten arren, hiltzera kondenatu zuten “nazioaren askatasunaren eta estatuko segurtasunaren aurka” jokatzeagatik. 1793ko urtarrilaren 21ean hil zuten Parisko Place de la Révolution plazan (Place de la Concorde gaur egun).