Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Luis

Bavariako hiru erregeren izena.  v  Luis I.a Wittelbaschekoa edo Bavariakoa. Bavariako erregea 1825-1848 urteetan (Estrasburgo, 1786 - Niza, 1868). Maximiliano I.aren semea zen. Napoleonen gudarostean jardun zuen, baina ondoren frantsesen mendekotasunaren aurka borrokatu zen. Agintaldiaren hasieran ideia liberalen alde jokatu zuen, 1831tik aurrera baina, neurri autoritarioak hartu zituen. 1833an, amore eman eta Deutscher Zollverein («Alemaniako aduana batua») elkartean sartu zen Bavaria. Greziako kultura klasikoa ongi ezagutzen zuen eta monumentu neoklasikoz bete zuen Europako kulturagune nagusi egin nahi izan zuen Municheko hiria. Asmo hauek guztiak, eta Lola Montes dantzariarekiko grina itsuak eragin zizkioten gastu handiek eta bere katolikotasun itxiak herriaren haserrea piztu zuten eta 1848an agintea utzi behar izan zuen, Maximiliano II.a semearen alde. Ondoko urteetan atzerrian bizi izan zen.  v  Luis II.a Wittelbaschekoa edo Bavariakoa. Bavariako erregea 1864-1886 urteetan (Nymphenburg, 1786 - Berg, 1868). Maximiliano II.aren semea zen. Gazterik hartu zuen aitaren lekua eta mezenas handia izan zen, miresten zuen Richard Wagner musikariarentzat batez ere. Ministroen esku utzi zituen politika gaiak. Hasieran Austria aldera jo zuten eta Prusia aldera ondoren. 1870ean Prusiako erregea enperadore izatea onartu zuen, baina izendapen hori ontzat ematearren agindu zitzaizkion abantailak ez zitzaizkion azkenean eman. Erabaki honek, katolikoen aldeko neurririk ez hartzeak eta konstituzioko mugek elkarren aurka jarri zituzten herria eta erregea. Azken hau Wagnerrek landutako mitologia germaniarrean oinarrituriko arkitektura obra fantasiazkoetan murgildu zen. Errege gastuak gora egin zuten eta Berg-eko gazteluan ixtea erabaki zuten ministroek. Itorik hil zen, sendagilearekin batean, erabat argitu ez ziren gorabeheren artean.  v  Luis III.a Wittelbaschekoa edo Bavariakoa. Bavariako erregea 1913-1918 urteetan (Munich, 1845 - Savar, Hungaria, 1921). Leopoldo bere aitaren ondotik erregeorde izan zen (1912) eta errege izendatu zuten Othon kargurik gabe utzi eta gero. Kargua utzi behar izan zuen 1918ko iraultzaren ondoren.