Lucas van Leyden
Holandar margolari, grabatzaile eta marrazkilaria (Leiden, 1494 - Leiden, 1533). Bere garaiko grabatzaile handienetakoa izan zen eta ospe handia eman zioten zurean eta kobrean egindako grabatuek. Cornelis Engebrechtsz margolari flandetarrarekin egin zituen lehen ikasketak eta 1514an Anberesko hirira alde egin zuen. Bertan ezagutu zuen Alberto Durero 1521ean eta eragin handia izan zuen harengandik ondoko obretan. Behatzaile zorrotza eta grabatzaile dotorea izan zen eta, pintore gisa, joera eklektiko samarra agertu zuen bere garaiko margolaritza eskola garrantzitsuenen aurrean. Obra nagusiak: Jesus gurutzea aldean duela eta Maria Madalena munduko atseginetara emana grabatuak; Azken Juizioa, bere margolan nagusia; Lot eta bere alabak eta Moises haitzari ura jariarazten, Bibliako gaietan oinarrituriko pintura obrak, eta Xake jokalariak eta Predikua elizan, herri gaietan oinarrituriko margolanak.