Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lucía, Paco de

(Jaiotza izena, Francisco Sánchez Gómez). Espainiar gitarrista (Algeciras, Cadiz, 1947). Flamenkoko gitarrista handientzat hartzen da, eta rock eta jazz musikagile nagusienekin batera aritu da lanean, Carlos Santana, Jonh McLaughlin, Al DiMeola-rekin, besteak beste. Gazte-gaztetatik nabarmendu zen gitarra jotzeko zuen trebetasuna. Bere anaia Peperekin hasi zen flamenko elkarteetan jotzen, Los Chiquitos de Algeciras izenarekin. 1960ko hamarraldiaren hasieran lan hauek grabatu zituen: "Balada de los tres ríos", "Romance a Mary Paz", "Soleá de Alcalá" eta "Tanguillos de Málaga". 1962an, anaiarekin batera, Arte Flamenkoko Nazioarteko Lehiaketan, epaimahaiaren sari berezia lortu zuen. Hamalau urte zituela José Grecoren konpainian sartu zen, eta harekin bira bat egin zuen Ipar Amerikara, Europako hainbat hirietara eta Australiara. 1965. urtetik aurrera Camarón de la Isla, Carmen Heredia, Enrique de Melchor, Juan Peña eta abarrekin batera aritu zen kontzertuak ematen eta diskoak grabatzen. Canciones andaluzas para dos guitarras lanarekin ordu arteko arrakasta handitu egin zen, eta ondoren Dos guitarras flamencas en América Latina kaleratu zuen, Agustin Lara, Ernesto Lecuona, Chabuca Granda edo Carlos Gardel-en lanekin. 1968an Arte Flamenkoko Nazioarteko Lehiaketako sari nagusia irabazi zuen. Urte horretan bertan Fantasía flamenca kaleratu zuen, eta hurrengo urtean Paco De Lucía y Ramón De Algeciras en Hispanoamérica. Bi lan horiengatik Gitarra Flamenkoko Sari Nazionala eman zioten. 1972an El duende flamenco kaleratu zuen. Hurrengo urtean izugarrizko arrakasta izan zuen Fuente y caudal diskoko "Entre dos aguas" abestiak. Abesti hura mundu osoko rock eta jazz musikagileen gustukoa izan zen, eta 1976. urtetik aurrera Europako antzoki nagusietako ateak zabaldu zizkion. Chick Corea jazz pianistarekin hainbat bira egin zituen eta baita diskoak grabatu ere. Europaz gainera, Japonia, Ipar Amerika ezagutu zituen. Kaleratu zituen beste disko batzuk: Manuel de Fallari omenaldia (1978), Sólo quiero caminar (1981), Sirico (1987) eta Lucia (1989).