Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lucas, Robert

Estatubatuar ekonomista (Yakima, Washington, 1937). Ekonomia ikasketak egin zituen eta Chicagoko Unibertsitatean lortu zuen doktoregoa. Irakasle izan da, besteak beste, Chicagoko Unibertsitatean, 1975ean bertako katedra eskuratu zuenez gero. 1970eko hamarraldiaz gero ikerketa makroekonomikoan eragin gehien izan duten ekonomistetako bat izan da. Bere lanekin ekarpen garrantzitsua egin du etxean, enpresetan eta hainbat erakundetan erabaki ekonomikoak hartzerakoan kontuan hartu beharreko aldagaiei dagokienez. Lucasek eragile ekonomikoen inguruko itxaropenari buruzko ikerketak egin ditu; garrantzi handia izan dute ikerketa horiek, itxaropenen arabera jokatzen baitute gizabanakoek era batera ala bestera, eta haien arabera nagusitzen baita joera ekonomiko jakin bat ala bestea. 1970eko hamarraldia arte, ekonomistek zioten kontsumitzaileek besteren esperientzien araberako itxaropena zutela, baina Lucasek printzipio hori okerra zela azaldu zuen aurreikuspen arrazionalen hipotesi deritzon azalpenaren bidez. Hipotesi hori 1961ean eman zuen John Muthek, baina Lucasek zabaldu egin zuen, eta horrela lortu zuen benetako arrakasta 1970eko hamarraldian. Hainbat aldagai makroekonomikori buruzko ikerketez gainera, Lucasek ikerketa eremu berriak aurkitu ditu, adibidez negozioen zikloetako orekaren teoria, zeinetan aztertzen baitiren herrialde jakin bateko negozioetan diru ekaitzek duten eragina. Berak egin zituen lehenengo urratsak nazio aurreikuspenen ekonometria deritzanean ere, zeinetarako asmatu zuen hipotesi berri bat, aldagai nagusien aurreikuspenen analisirako metodo estatistiko eraginkorrenak aurkitzeko. Ekonomiako Nobel saria eskuratu zuen 1995ean, nazio aurreikuspenen hipotesia landu eta aplikatu izanagatik eta politika ekonomikoaren ezagutza sakontzeko egindako lanagatik. Lucasen idazlan aipagarrienak Understanding Business Cycle (1977, Negozioen zikloaren azalpena) eta Unemployment Policy (1978, Langabezia politika) dira.