Luciano, Lucky
(Salvatore Lucania jaiotza izenez; Charles Luciano ere deitua). Estatu Batuetako Mafiako buruzagia (Lercara Freddi, Sizilia, 1896 - Napoli, 1962). Hamar urte zituela jo zuen New York aldera bere familiarekin eta berehala hasi zen Mafiarentzat lanean. Hamasei urte zituela sartu zuten kartzelan lehen aldiz, heroina saltzeagatik. 1916an Joe Messaria-rentzat lanean hasi zen eta 1925ean haren hurbileko laguntzaile bihurtu zen. 1929an atentatu latza jasan zuen, baina hartatik bizirik irten eta Luciano izena hartu zuen. 1930an Joe Messaria eta Salvatore Manzaranoren taldeen arteko gerra hasi zen eta egoera hartaz baliatu zen Lucky Luciano berea egiteko. 1931ko apirilean jatetxe batean hilarazi zuen Messaria eta beste hainbeste gertatu zitzaion Maranzanori urte bereko irailean. Mafiako gangster gazte guztien buru zen ordurako eta zailtasunik gabe bihurtu zen capo di tutti capi («buru guztien buru»). Joko, prostituzio eta estorsio sare guztiak bere mendean geratu ziren, baina 1936an atxilo hartu eta 30-50 urteko kartzela ezarri zioten epaitu ondoren. Kartzela barruan ere Mafiako buru iraun zuen. 1942an Navy edo Estatu Batuetako itsas armadak beregana jo zuen portuetako sabotaiak bukatu eta bertako langileak haren aginduetara jar zitezen. Lucianok beharreko aginduak eman eta bukatu ziren portuetako arazoak. 1946an Italiara deportatu zuten eta urte hartan berean jo zuen Lucianok Kubara. Estatu Batuetako agintariek behartuta, Kubako gobernuak Italiara deportatu zuen berriro eta Napolin gelditu zen. Hiri hartatik zuzendu zuen Estatu Batuetarako droga salmenta 1962an hil zen arte.