Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Lovaina

(Nederlanderaz, Leuven; Fr. Louvain). Belgikako erdialdeko hiria, Brabanten, Dyle ibaiaren ertzean, Brusela hiritik 28 kilometrora. 85.068 biztanle. Unibertsitatea. Nekazaritzako eremu oparo baten erdian dago; industriagune garrantzitsua ere bada (destilategiak, garagardogintza, mekanika, automobilgintza, kimika, janari industria, larrugintza). Kulturagune garrantzitsua da XIV. mendean sortu zen flandestar unibertsitateari esker eta ondo gorde ditu, bestalde, garai bateko monumentuak: XII. mendeko gaztelua, XV. mendeko udaletxe gotikoa, XV-XVI. mendeetako Saint-Pierre eliza gotikoa, Saint-Jacques eliza (XII-XVI. m.), Saint-Michel eliza barrokoa (XVII. m.), XII. mendeko abatetxea, XV-XVIII. mendeetako komentua eta XIV. mendeko unibertsitatea.  v  Historia. IX. mendean sortu zen Lovainako hiria, germaniar enperadore batek normandiarrei aurre egiteko eraiki zuen gazteluaren inguruan hain zuzen. XI. menderako hiri garrantzitsua zen, bertan bizi izan baitziren Lovainako kondeak lehendabizi eta Brabanteko dukeak, ondoren. XIV. mendean Europako hiri handienetakoa zen (ehungintzari esker nagusiki). Hiritarren eta nobleen arteko liskarrak zirela eta, Flandesera eta Ingalaterrara aldatu ziren ehungintzako lantegi nagusiak eta Brusela bihurtu zen Brabanteko hiriburu. 1425. urtean sortu zuten unibertsitate katolikoa, Herbeheretako lehena.