Le Flem, Paul
Frantses musikagilea (Lézardrieux, Côtes-d’Armor, 1881 - 1984). Ikasketa orokorrak Dinan eta Bresten egin zituen, itsas eskolan hain zuzen. Han, ontzidiko musika zuzendaria zena izan zuen harmoniako irakasle. Ondoren Parisa joan zen bizitzera eta 1899. urtetik aurrera harmonia ikasketak egin zituen Kontserbatorioan. Errusian egon zen hemezortzi hilabetez (1903-1904) kontrapuntua ikasten. Handik Parisa itzuli zen eta Schola Cantorumen sartu zen; 1921ean kontrapuntuko irakasle izendatu zuten bertan. 1924an abesbatzako zuzendari izan zen Opera Komikoan eta hurrengo urtean Saint-Gervaiseko kantariena. Kritikari lanak egin zituen, bestalde, Comœdia (1922-1937), L’Écho de Paris eta Temps présent aldizkarietan. 1935ean musika modernoko elkarte bat sortu zuen, “La Spirale”. 1975. urtean itsu gelditu zen eta musika idazteari utzi zion. Le Flemen lan sinfonikoak izan ziren arrakasta handien izan zuten lanak: lau sinfoniak (1908, 1958, 1967-1971, 1975), Hildakoentzat triptikoa (1912), Madarikatua ahots eta orkestrarako obra (1967-1971). Kontzertuei dagokienez, Fantasia piano eta orkestrarako (1911) eta Kontzertua biolinerako (1965) dira aipagarrienak. Bestalde, lan labur ugari idatzi zituen: Sonata biolin eta pianorako (1905), Kintetoa piano eta harietarako (1908-1909), eta pianorako hainbat pieza. Ahotsetarako hainbat melodia ziklo osatu zituen, Aria ahaztuak (1904) eta hainbat koru a capella abesteko.