Le Guin, Ursula Kroeber
Estatubatuar idazlea (Berkeley, Kalifornia, 1929). Txikitatik izan zuen hainbat mito eta elezaharren ezagutza. Unibertsitateko ikasketak bukatu eta Fulbright beka lortu zuen Frantzian ikasi ahal izateko. Han senarra izango zuen Charles Le Guin ezagutu zuen. Senar-emazteak Georgiara joan ziren orduan bizitzera, eta Ursula frantseseko irakasle gisa aritu zen Mercer Unibertsitatean. Ordurako idatziak zituen argitaratu gabeko bost eleberri, baina 1964an argitaratu zuen lehen obra, Eskandinaviako Odinen mitoan oinarritutako eleberria: Rocannon-en mundua. Liburu hark izan zuen harrera onak bultzaturik, beste eleberri batzuk ere argitaratu zituen: Erbeste planeta (1966); Ilusioen hiria (1967); Iluntasunaren ezkerreko eskua (1969); Basoa da munduren hitza (1972) eta Behartsuak (1974). Fantasiazko kontakizunak ez ezik, haur literatura ere landu du Ursulak, eta arlo horretako Sari Nazionala ere irabazi zuen Itsaslurreko liburuak trilogiako hirugarren liburuarekin: Itsasertz urrunena (1972). Bere azken liburuen artean aipagarriak dira: Beti itzultzen da etxera (1985), Koartzaren begia (1991) eta Arrain zopa (1992).