Le Même, Henry-Jacques
Frantses arkitektoa (Nantes, 1897 - Megève, 1997). 1917an Pascal-Recouraren lantegian hasi zen ikasten eta ondoren Emmanuel Pontrémolirenean. 1923an Rougevin lehiaketa irabazi zuen hotel baterako diseinatu zuen igerileku bati esker. Émile Jacques Ruhlmann altzari diseinatzaileak berarekin lan egitera deitu zuen. Harekin egon zen bitartean 1920ko Parisko etxe dotoreenak ezagutu ahal izan zituen. Horrez gainera, beste hainbat maisu frantsesekin lan egin zuen, Pierre Patoutekin, batez ere, 1925eko Erakusketa Unibertsalerako lanak eginez. 1926an Maurice de Rothschild baroiak baserri bat egiteko eskatu zion, garai hartan antzinako baserriak modan baitzeuden. Lan hartarako baserria eraikiko zen inguruko etxeak aztertu zituen eta horixe izan zen lan haren irakaspena, lekuaren espiritua bereganatzea eta garai hartako kultura ezagutzea ezinbestekoak zirela hain zuzen. Hirurogei urtean jardun zuen lanean, eta era askotako lanak egin zituen: Bourbon printzesaren txaleta, Megèveko etxebizitza sozialak, 1937ko Nazioarteko Erakusketako Zurezko jauregia Parisen (lehenengo saria)… 1920. urtearen amaieran Pol Abraham arkitektoarekin elkartu zen Assyko goi-ordokiko erietxeak egiteko (Savoia Garaia). Plaine Jouxeko erietxeak ospe handia eman zien. Horrez gainera, aipatzekoak dira Guébriantekoa (1932) eta Martel-de-Janvillekoa (1937). 1980an Marcel Dassaultek etxe handi bat egiteko enkargua eman zion, aurrealdea 70 metrokoa behar zuena. Horrez gainera, Magève eski estazio dotorea bihurtu zen Le Mêmeri esker.