Jentzsch, Bernd
Alemaniar idazlea (Plauen, Vogueses, 1940). Familia antifaxista batean jaio zen eta Karl-Marx-Stadten (Chemnitz ohian) hazi zen. 1960-1965 bitartean artearen historia eta aleman filologia ikasi zituen. Orduan Ekialdeko Berlinera joan zen eta 1975 arte Neues Leben (“Bizi berria”) argitaletxearen irakurle gisa lan egin zuen. Gero literaturan aritu zen soilik eta zenbait antologiaren edizioa prestatu zuen. 1976an W. Biermannen desnaturalizazioaren aurkako protesta egin zuen Suitzatik, hantxe baitzegoen ikasketa beka batekin. Alemaniako Errepublika Demokratikoa iraindu izana leporatu zitzaion, eta Suitzan gelditzea erabaki zuen. 1992an Leipzigeko Literatura Institutu berriaren zuzendari izendatu zuten. Jentzschek ikasle zela argitaratu zuen bere lehen poema liburua, Alphabet des Morgens (1961, Biharko alfabetoa). “Bizi Berria” argitaletxearentzat egin zuen Poesiealbum (Poesia albuma) bildumaren editore gisa iritsi zitzaion, ordea, ospea. 1967-1976 bitartean ehun eta hogei poesia liburu kaleratu ziren, bertako eta kanpoko egile gazteen lanekin. Bere lanen artean, Quartiermachen (1978, Auzolana egitea), deserriratzearen gaia darabilen narrazio liburua eta Poesiealbum 276 (1991, 276. Poesia albuma) nabarmen daitezke.