indiar
izlag. eta iz. Indiakoa; Indiako herritarra. || Europarrak bertaratu aurretik Ameriketan bizi ziren herrietakoa; herri horiei dagokiena. v Kolon Ameriketako lurraldeetara iritsi zenean, Indiara iritsi zelakoan, indiar izena eman zien Ameriketan bizi zirenei. Jatorriz Asiakoak dira indiarrak, eta Bering-eko itsasartea zeharkaturik iritsi ziren Ameriketara. Amerindiarren arraza osatzen dute; ile beltza izaten dute, aurpegia zabala eta sudurra handia gehienetan. Herririk garatuenak goi-ordokietan, mendebalean eta Pazifikoaren itsasertzean bizi ziren. Atzeratuenak, aldiz, Ipar Ameriketako haranetan eta Brasilgo oihanetan. Mexikoko eta Peruko lurraldeetan bizi ziren indiarrak hiri handietan antolatuta zeuden. Jauregi handiak eta harrizko tenpluak zituzten. Buruzagi bat zuten, eta gudaroste antolatu bat. Nekazaritza zuten jarduera nagusia. Mexikoko aztekek dirua erabiltzen zuten, kakao edo burdin zatitxoz egina. Egutegia bi ziklotan banaturik zegoen, bata 260 egunetakoa eta bestea 365ekoa. Lehenbizikoa hamahiru egunetako hogei hilabetetan banatua zegoen, eta bigarrena, berriz, hogei egunetako hemezortzi egunetan. Larruzko oihaletan idazten zuten, eta hogeiko zenbaki sistema erabiltzen zuten. Peru aldeko indiarrek inka herrien eraginpean kultura maila garaia izan zuten. Hiri handietan bizi ziren (Cuzco, Chanchán). Ipar Ameriketako indiarrak Mexikoko eta Arizonako herrien eragina izan zuten. Mississippiko ibaiaren arroan bizi ziren indiarrak ere hegoaldekoen eragina izan zuten.