India
(Izen ofiziala, Indiako Errepublika; Ing., Republic of India). Asiako hegoaldeko errepublika federala. Mugak: mendebaldean, Omango itsasoa; ipar-mendebaldean, Pakistan; iparraldean, Txina, Nepal eta Bhutan; ipar-ekialdean, Bangladesh eta Birmania; ekialdean, Bengalako golkoa. 3.287.732 km2 eta 1.095.351.995 (2006ko estimazioa; indiarrak). Hiriburua, New Delhi. India da Txinaren atzetik biztanle gehien duen munduko herrialdea. Hizkuntza ofizialak hindia eta ingelesa dira; estatuetan erabiltzen diren gainerako hizkuntzak hauek dira: assamera, bengalera, gujaratera, kannada, kaxmirera, konkanera, malabarera, manipurera, marathera, nepalera, oriya, punjabera, sanskritoa, sindhia, tamilera, telugua, urdua. Erlijio garrantzitsuena hinduismoa da, eta ondoren islama, sikh erlijioa eta budismoa. Dirua: rupia. ■ Indiako Batasuna hogeita bost estatuz eta zazpi lurraldez osatutako errepublika federala da. Antolamendu hori antzinako Britainiar Inperioaren birmoldaketaren emaitza da (inperioak orduan hamar probintzia eta 500 printzeri zituen), kultura eta hizkuntza oinarrien gainean egina. Eskualdeen eta gizarte mailen arteko desberdintasunak, erlijio tentsioak –batez ere hinduistak eta musulmanak bereizten dituztenak–, eta orobat arazo etnikoak, gizataldeen eta hizkuntzen ugaritasunari loturik, arazo askoren sorburu dira. Indiak ekonomian baliabide handiak baditu ere, miseria ere handia du. Burujabetza lortu zuenetik (1947) aurrerapen handiak egin dira baina atzerapenean bizi dira herritarrak oraindik. Zailtasunak eta oztopoak batera doaz herrialdearen neurriarekin; izan ere, oraindik ez da azpigarapenetik atera, eta batasuna, independentziatik berrogeita hamar urtera, ez dago egiaz burutua. v Orografia. Lau zatitan dago banatua India: Himalaia mendiak, Omango golkotik Bengalakora iristen den alubioi lurraldea, Dekkan goi-ordokia, eta mendebaleko basamortua. Himalaia munduko mendikate garaiena da, 2.400 km luze da. Himalaian 6.000 m-tik gorako gailur asko daude. Gailur horietan urte osoan dago elurra, eta Indiako ibai garrantzitsuenak bertan eratzen dira. Gailur garrantzitsuenak: Kangchenjunga (8.598 m), Nanda Devi (7817 m), Kamet (7755 m) eta Kangto (7089 m). Himalaiaren hegoaldean eta Dekkan goi-ordokiaren iparraldean alubioi lurraldea dago; Ganges, Indo eta Brahmaputra ibaien arroek osatzen dutena. Lautada honetan biztanleriaren gehiena bizi da, bertako lurrak emankorrak baitira; lurralde horretan eurite ugari izaten da. Fajasthan estatuaren erdia basamortuak betetzen du. Lurralde hori ere laua da; lehorra da oso, ez du ia euririk egiten. Dekkan-go goi-ordokiaren iparraldean Vindhya mendiak daude eta hegoaldean Komorin lurmuturra. Dekkan-en mendebalean mendebaleko Ghates mendiak daude, eta ekialdean, ekialdeko Gathes mendiak. Mendi horietan gelditzen da montzoiek emandako ur gehiena, horregatik Dekkango barnealdea lehorra da. v Hidrografia. Indiako ibai nagusiak Indo, Ganges eta Brahmaputra dira; horietaik Ganges da garrantzitsuena. Ibai horietara Himalaiako mendietako elurra joaten da. Gangesen eta Brahmaputraren deltak munduko handienak dira. Dekkan lurraldean sortzen diren ibai gehienak Bengalako golkoan isurtzen dira (Godavari, Krishna, Mahanadi). Ibai horiek lautadako ibaiak dira. v Klima. Tropikala da klima. Negu lehorraren ondoren bero lehorreko urtaroa dator, martxotik maiatzerakoa. Baina aldaketak handiak izante dira: urte lehor baten ondoren eurite handiko urtea izan daiteke. Euriaren urtaroa ekainitik irailera izaten da. Itsasbazterreko lurraldeetan eta mendialdean euri asko egiten du: mendebaleko Dekkan-en, Bengalan, Assam-en eta Himalaiako hegoaldeko mendietan. Dekkan-go ekialdeko itsasbazterretan urritik abendurarte zikloi tropikalak izaten dira. ■ Gizarte egitura eta erlijioak. Hinduismoa da Indiako erlijio nagusia (biztanleen % 80). Ez baitu ez dogmarik, ez eliz hierarkiarik, eta kontzeptu orokor batean bateratzen baititu jainkozko alderdia eta gizakiarena, ez ditu ondo bereizten erlijioaren alorra eta gizartearena: kasta sistema da horren agerkari bat. Hinduismoan, kasten arabera, badira varnak (apaizak, gerlariak, merkatariak eta zerbitzariak), eta badira jatiak, talde endogamoak, modu orobat hierarkikoan varna horietako batean txertatuak, eta “azpikasta” edo direnak. Azkenik, “ukiezinak” kastaz kanpokoak dira, haiek ere hierarkietan eta ogibideetan antolatuak (putzugileak, garbitzaileak, etab.). India independentearen konstituzioak legez kanpo utzi zituen kastak, baina gobernuak babes neurriak hartu behar izan ditu kasta apalenen eta jatorrizko leinuen alde eta ezin esan daiteke sistema hori desagertua denik. Ukiezinak 100 milioi lagun baino gehiago dira, ez-hindutzat hartzen dituzte gainerakoek, eta, hortaz, aparteko komunitatea dira. Estatuaren laguntzagatik ere, ez dute ia aurrera egin independentziaz gero. Azken urteotan buruzagi “ukiezin” bat sortu da, Kanshi Ram, alderdi politiko bat antolatu duena, BSP (Bahujan Samaj Party), hala ere ukiezinak berak oso banatuak daude, kasta espiritu indartsu baten mende. Hinduismoaren ezaugarri horiek eragin handia dute, ekonomia eta gizarte harremanetan ez ezik, baita Indiako beste erlijoetan ere. Hala, islamak hinduismoaren eragin handia du. India da munduko bigarren estatu musulmana (biztanleen % 12). Musulmanak batez ere iparraldean eta Kaxmirren daude. Gehienak sunniak dira, baina xiitak ere asko dira; musulmanek ere kasten antzeko hierarkia dute. Hirugarren erlijio taldea kristauena da (% 2,3), batez ere hegoaldean zabaldua. Jatorrizko biztanle batzuk duela gutxi bihurtu dira kristautasunera, eta horrek arazoak ekarri ditu, indiarrek kristauak antzinako ingeles zapaltzaileekin lotzen baitituzte. Sikh-en erlijioa, kasta sistemari uko egiten dion hindu eta musulman sinkretismoa, XV. mendean sortua, biztanleen % 1,9ren erlijioa da; asko ez badira ere, pisu ekonomiko handia dute. Askok emigratu dute beren jatorrizko lurrera, Punjabera, atzerrira edo beste indiar estatu batzuetara, eta berekin eraman dute merkataritza eta inbertsio tradizioa. Azkenik, budismoa, indian K.a. V. mendean sortua, bazterreko erlijioa da gaur, nahiz eta hindu ukiezin asko bihurtu den budista, kasta sistemari ihes egin nahiz. ■ Demografia. India da, Txinaren ondoren, munduko herrialde jendeztatuena, eta honezkero baditu mila milioi biztanle. Gaurko hazkundearen erritmoarekin, munduko lehena izango da 2015. urtean. Dentsitatea batez beste oso handia da (294 bizt./km2), eta eskualde emankorrenetan (Ganges ibarra, Mendebaldeko Bengala, Kerala) 700 bizt./km2-tik gorakoa ere bada. Biztanleriaren hazkunde tasa (% 0,4 1990. urtean), % 2 ingurukoa da 1971z gero. Azken urteotan zerbait moteldu da ordea, jaiotzak gutxitzearen ondorioz: 1995-2000 urteetako estimazioen arabera, hazkundea urteko % 1,6 jaitsi da. Biztanleak gazteak dira: % 35 dira hamabost urtetik beherakoak, eta % 5 bakarrik 65 urtetik beherakoak. Hilkortasun tasa asko jaitsi bada ere, bizi maila hobetu baita, emankortasuna handia da oraindik (3,1 haur emakumeko). Ezkontza usadioak eta emakumeen gaineko kontrola oso zorrotzak dira: ez dago ia ezkongaberik ez dibortziorik, ezkontzak gurasoek antolatzen dituzte, eta neskak ez daude ondo ikusiak, senarraren familiari ezkontsaria eman behar dionez, zama baita gurasoentzat. Hala, nesken heriotza tasa mutilena baino handiagoa da, eta India da gizon baino emakume gutxiago duen munduko estatu bakanetako bat. ■ Independentziaren ondoren abian jarritako jaiotza kontrolaren politika da gobernuaren erronka nagusietako bat. Alabaina, familia plangintzak, hinduismoaren kontrakoa izanik, erresistentzia handiak sortzen ditu. 1995ean, hamabost urtetik gorakoetan, gizonen % 32 ziren analfabetoak, eta emakumeen % 62. Nekazaritzaren erreformari esker, erantzun ahal izan zaie elikaduraren beharrei. Baina lekarien prezioen igoera eragozpen handia izan da gehienbat barazkijale diren indiarrentzat, eta elikadura arazoak handiak dira. ■ Indiar askok emigratzen du oraindik, batez ere Afrikara, Persiako golkoko herrietara eta Mendebaldera. Biztanle emigratuak bost bat milioi dira, eta ondorioak demografian baino areago ekonomian antzematen dira, sarritan hamar bat urte kanpoan egin eta Indiara itzultzen baitira, dirua ekarriz. Indiar diplomadun askok, bestalde, Europara edo Estatu Batuetara alde egiten dute, eta agerian jartzen da horrela indiar gizartearen bikoiztasuna: elite aski ugaria, baina bere herrietan irteerarik ez duena, eta analfabetoen masa, lurrik gabeko nekazariak, miseria gorrian bizi direnak. ■ Landaldea. Indian oso indartsua da landaldearen tradizioa. Britainiar Inperioaren garaian osatu zen nekazari lurren egitura guztiz nahasia zen, esklabotasunezkoa ia zenbait kasutan. Britainiarrek zergak biltzen zituen estatuaren eta lurra lantzen zuenaren arteko bitartekariak ipini zituzten, lanik egin gabe ia aberasten zirenak. Gobernuaren erreformaren asmo nagusiak bitartekari horiek ezabatzea eta lurrak berbanatzea izan da. Hala ere, nekazari aberatsanek gorde ahal izan dituzte beren ahalmenak eta ondasunak, eta pobreenek berriz ez dute ia irabazirik izan. Sortu da ordea nekazari klase berri bat, “ertaina”, inbertsioak egiteko adinako irabaziak dituena. Landaldeko biztanle gehienak jabe txikiak eta nekazaritzako langileak dira gaur. Presio demografiko ikaragarriaren ondorioz ordea, lurren zatiketa handiegia da (ustiaguneen % 70 bi hektarea baino gutxiagokoak dira, eta horixe da errentagarritasunaren muga). Gobernuaren ahaleginak gorabehera (kredito kooperatibak…), kasta nagusiek kontrolatzen dute landaldeko bizimodua, eta lurrik gabeko laborari askok hirira emigratu behar izan dute. ■ Hiriko biztanleak. Indiako urbanizazioa bitxia da guztiz: alde batetik, badira megapolis eta txabola hiri izugarriak (India da munduko laugarren herria hiritarren kopuruan), baina aldi berean urbanizazioa oso ahula da (biztanleen % 27 bizi dira hirietan). Hiriko biztanleriaren hazkundea motela da. Kalkuta eta Bombay –bakoitzak hamar milioi biztanletik gora du–, hiri ertainak baino motelago ari dira hazten. Indian jendeak ez du landaldetik masan ihes egiten, baina pilaketa handiak gertatzen ari dira. Emigratzeko tradizioa zaharra da Indian, baina hiritarrek ez dituzte jaioterriarekiko harremanak eteten, eta maiz itzultzen dira. Hiri nagusiak –hamabost bat milioi biztanletik gorakoak–, Deccango penintsulako kostaldeko portuak dira, edota Himalaiaren oinean osatu direnak, Ganges ibaiaren zabaldi handian: hantxe biltzen dira, Delhitik Kalkutara, indiar gehienak. ■ Ekonomia. Indiako ekonomian bat egiten dute usadiozko laborantzak, nekazaritza modernoak, eskulanak, industria moderno sorta zabal batek, eta horien inguruko zerbitzu ugariek. Biztanle aktiboen % 67 nekazaritzan ari dira lanean, eta nazio produktu gordinaren % 25 sortzen dute. Indiako Errepublikak sozialismoaren eta kapitalismoaren arteko bide bat aurkitu du, eta sarritan baita asmatu ere, nahiz eta politika hori auzitan jarri den azken hamar urteotan. Hasteko, bi oztopo izugarri ditu: herrialdearen neurria, gobernatzea oso zaila egiten duena, eta, batez ere, biztanleak elikatu beharra. Azken orientabide ekonomikoak, atzerrira irekiagoa izanik eta merkataritza gero eta globalizatuago batean txertatuagoa egonik, klase ertainaren sorrera bultzatu du, baina aldi berean areago ahuldu dituzte biztanleriaren maila pobreenak. Independentziaren garaian eragin bikoitza, sobietarra eta kapitalista, izan zuen industria eliteak, eta eragin bikoitz horrek markatu ditu hogeita hamar bat urtez Indiak egin dituen aukera ekonomikoak. “Erdibide” horrek bi helburu zituen: hazkunde ekonomikoa eta gizarte justizia. Baina bost urteko planen ezarpena, industria astunari emandako nagusitasuna –nekazaritzaren gainetik–, eta sektore publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa zurrunak, beren arrastoak utzi dituzte. Burokraziaren zama oraindik ere oztopoa da atzerritar inbertsoreentzat, nahiz eta ikusten duten Indian merkatu izugarria izan litekeena. Izan ere, estimazioen arabera, 100 milioi kontsumitzaile izan daitezke Indian Mendebaldekoaren pareko bizimaila dutenak. Nazioarteko komunitateak kritika gogorrak egin arren, India iritsi da elikagaietan beregain izatera eta bere industria sektorea sendotzera. Lehengo talde kapitalistek estatuaren babesari esker iraun ahal izan dute; gaur egun Mendebaldeko konpainien ereduaren arabera jarduten dute, eta lortu dute ekonomia ireki baterako trantsizioa egitea. Munduko zientzialari talde handienetako bat dago gainera Indian (munduko hirugarrena). Alabaina, zientzialari askok alde egiten du, eta ikerketa-garapenean ez dira behar adinako inbertsioak egiten; horrez gainera, aspalditik mugatu ditu indiar gobernuak truke teknologikoak. Estatuak ekonomian eragin handiegia zuela-eta, Indira Ghandiren azken agintaldian egin ziren lehen kritikak; haren seme Rajiv Gandhiren garaian jarri zen abian beste politika bat, askoz ere liberalagoa. Hala ere, Narasimha Rao Lehen Ministroaren agintaldia arte (1991-1996) ez zen politika berria aplikatu. Indiaren egoera ekonomikoa aldi horretan ikaragarri txarra zen: Sobiet Batasunaren desagerpenak (Indiarekin harreman estuak baitzituen), Golkoko gerraren gastuek eta NPGren hazkunde motelak, finantza krisi lazgarria ekarri zuten. Gobernu berriak egokitzapen estrukturaleko plangintza bat onartu zuen orduan, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren laguntzarekin: aurrekontuen defizita murriztu zen, dirulaguntzak gutxitu, rupia baliogabetu zuen esportazioak bultzatzeko. Erreforma horien emaitza ez da oso argia. Esportazioek indartsu jarraitu dute, nazio produktuaren hazkundeari eutsi zaio, eta ez dirudi 1997-1998 urteetako krisiak Indian Asiako ekialdeko herrialdeetan adinako eraginik izan duenik; baina aurrekontuen defizitaren murrizketa ez da behar bezainbestekoa izan, inflazioa handia da oraindik (% 9 1996an), enplegu txarra, ofiziala (langabezia), nahiz mozorrotua (lanbide txiki ez emankorren ugaltzea) asko dago, eta merkataritza trukeak defizitarioak dira oraindik. Nekazaritza utzita dago, nahiz eta badiren labore soberakinak, eta gero eta nabarmenegoa da eskualde aberatsen eta pobreen arteko desoreka. Garraio eta elektrizitate azpiegiturak ere desegokiak dira, nahiz eta ahalegin oso handiak egin diren alor horretan independentziaz gero. Klase ertain sendo bat sortu da, hiri eta landaldearen artean banatua, baina 200 milioi pertsona oraindik miserian bizi dira. Asko dago, beraz, egiteko, eta gobernu berriaren ideologia nazionalistak ez dirudi atzerritar inbertsoreak erakarriko dituenik; areago, Indiak sineskortasuna galdu du nazioartean. ■ Historia. Indian aurkitu diren lehen giza aztarnak glaziazio arteko azken aldikoak dira. Neolito aroko Indo ibaiaren ekialdeko lehen kulturak K.a. 7.000 urte inguruan hasi ziren (zeramika aurreko Neolito aroa); etxeak adobazkoak ziren eta elikadura ehizan oinarritzen zen batez ere, ordurako garagar mota bat lantzen zen arren. Kalkolito aroan nekazaritzak asko aurreratu zuen eta zeramikagintzak maila handia lortu zuen. Kalkolito garaiko gizataldeen bilakaeratik sortu zen, antzinako brontze aroan (K.a. 3.000-2.500), Indoko zibilizazioa. v Indo ibaiko zibilizazioa. Indo ibaiaren jalki gaiezko ordokian sortu eta garatu zen, Mesopotamiako eta Egiptoko zibilizazioak izan ziren garai berean. Hiri zibilizazioa izan zen. Mohenjodaro zen gune nagusia; 50.000 biztanle inguru zituen hiriak, kaleak iparraldetik hegoalderantz eta ekialdetik mendebalera antolatuak zituen, eta bazuen ur hornidura sistema. Garai hartako idazki batzuk gorde dira, baina ezin izan dira interpretatu. K.a. 1800 urte inguruan hirigune handiak desagertu ziren, eta herri txikiagoak sortu. v Veden garaia. K.a. 1400 inguruan sartu ziren Hindukusk-eko mendateetatik ariar herriak edo vedak, hizkuntzaz indoeuroparrak, eta Aralgo itsasoaren ingurutik zetozenak. Haien kulturatik Veda testuak gordetzen dira; azal-ilunak eta sudur-motzak ziren Indiako jatorrizko biztanleekin izandako borrokak kontatzen dira testu horietan. Ariarrek erraz sartu ziren gerra-gurdiak zaldiz tiratuak erabiltzen zituztelako; bertakoek, berriz, idiak zituzten. Indiar vedak erdi-nomadak ziren, eta erregeen agintepeko leinuetan biltzen ziren. Aziendak eta larre sailak zituzten aberastasunen oinarri. Gizartea noblezia militarraren eta leinuko pertsona libreen artean banatua zegoen. v Veden azken aldia. (K.a. 1000-500). Ariarrak Ganges eta Yamuna ibaien goiko ibilgura iritsi ziren. Garai hartakoak dira sanskritoz idatziriko epopeia handiak, Mahabharata, Bhagavadgita eta Ramayana; arkeologia lekukotzarik ez dagoenez gero, izkribu horiek garai hura ezagutzeko oinarrizko iturriak dira. Veda herriek artzain bizimodua utzi zuten, eta lurra lantzen hasi ziren; garai haren bukaera alderako bazen nolabaiteko zibilizazio homogeneo bat Gangesen arroan. Veda herrien kultura aldatu egin zen, eta brahamanismoa sortu zen; brahamanismoak hinduismorantz eta kasta sistemarantz jo zuen. K.a VI. mendean jainismoa eta budismoa agertu ziren ipar-ekialdean; budismoak veda tradizioa eta kasta sistema baztertu zituen. Hori dela eta, esan behar da gaur egun Budaren bizitza K.a IV. mendean edo geroago kokatzen dela; horren arabera, ariar inbasioak tradiziozko kronologian baino bi mende geroago gertatu bide ziren. v Persiarren eta mazedoniarren konkistak. K.a. 518. urtean Dario I. persiar erregeak Indiako ipar-ekialdea konkistatu zuen, eta 20. satrapa herri gisa erantsi zion bere inperioari. K.a. 331n Alexandro Handiak persiar inperioa konkistatu zuen; Indoraino iritsi zen, baina armada kontra jarri zitzaiola eta, ezin izan zuen Indiako konkistan aurrera egin, eta Susa aldera erretiratu zen. v Maurya inperioa. K.a. VI. mendeaz gero Magadhako erreinua hasi zen ingurukoak menderatzen; bi menderen buruan Gangesko lurralde guztiak menderatuak zituen, Punjab-etik hasita Bengalaraino. 321ean herriko gizon batek, Candragupta Maurya-k, beretu zuen indarrez erregetza; hark hegoalderantz zabaldu zuen erreinua eta Alexandrok Indian zituen probintziak hartu zituen. Haren seme Bindusarak Dekkan konkistatu zuen, eta ilobak, Asoka izenekoak, Industango penintsula ia osorik konkistatu zuen K.a 260an. Hala, aurreneko aldiz geratu zen India osoa aginpide bakar baten mende, berez zergapeko estatuz osatutako federazio bat zen arren. Bi oinarri zituen federazio hark: burokrazia alde batetik, aginpide zentralari leial ziren pertsonez osatutako piramide baten modura funtzionatzen zuena, eta 700.000 gizoneko armada bestetik. Nekazari bakoitzak uztaren laurden bat eman behar zuen zerga modura. Aginpidea zentrala izateak eta dirua erabiltzeak merkataritza bultzatu zuten. Asoka budista egin zen, eta horren ondorioz budismoa India osora hedatu zen. v Inbasio handiak. Asoka erregea hil ondoren (K.a. 232) Inperioaren batasuna desegin zen eta probintziak burujabe egin ziren. K.a. III. mendearen bukaera aldean herri nomadak sartu ziren ipar-mendebaletik, Txinako Quin-en inperioaren hedapenak bultzatuta. Kusandar leinuak, Yuezhi-en klan barruko batek, inperio zabal bat sortu zuen I. mendean, Aral itsasotik Oman itsasoraino eta Indian Benaresaino hedatzen zena. Hiriburua Purusapura (Peshawar) zen, eta Kaniskaren erreinaldian (II. mendea) iritsi zuen gailurra. Kusandarrek Baktrianatik zetorren kultura helenistikoaren eragina zuten, eta haien garaian loratu zen arte greko-budista eta hedatu zen budismoa Asiako erdialderantz eta Txina aldera. v Indiako hegoaldearen garapena. Indiako hegoaldeko muturra beste herrialdeen eraginetik baztertua zegoen; hara ez ziren heldu ariar herriak. K.a IV. mendea artea Neolito aroan bizi izan ziren lurralde haietako biztanleak. K.a. III. mendean burdina eta dirua erabiltzen hasi ziren, eta merkataritzak ere indar handia hartu zuen. Era horretan hiru erreinu txiki sortu ziren, beren eragina Zeilan aldera hedatu zutenak. v Gupta dinastia. 320. urtean Chandragupta I.ak inperio bat eratu zuen kusandarren inperioa desegin ondoren sortutako erreinu txikiak bere aginpidera bildurik. Chandragupta II.aren erreinaldian (375-415) inperio berriaren eragina Indiako iparralde osora zabaldu zen, Narmadaraino. Dinastia berriaren babespean, azken forma iritsi zuen hinduismoak; budismoa, hala ere, ez zen desagertu, oso zabaldua baitzegoen Asiako erdialdean eta Txinan, baina hinduismoak asko kutsatu zuen. Gizartea, artean, kastetan zegoen egituratua. Garai hartan loraldi handia izan zuten sanskritoz idatzitako literaturak, arteak, matematikak, izadiaren jakintzak, astronomiak eta metalurgiak, erregeek bultzatu eta babestu baitzituzten. Kumaraguptaren erreinaldian (455-470) huno zuriak Indian sartzen saiatu ziren; atzera bota zituzten, baina 500. urte aldera Indiaren iparraldea beretu zuten eta erreinuak fundatu zituzten Indiako sartaldean. Gupta inperioa erreinu txiki askotan zatitu zen, harik eta Harsa-k (606-647), Punjabeko erreinu txiki bateko agintari zenak, India berriz batzea lortu zuen arte. Harsa hiltzean berriz zatitu zen erreinua. v Islamiarren konkistak. X. mendean, turkiarrak, islamera bihurtu berriak, eta Irango emir sasaniden mendeko zirenak, Indian sartu ziren ipar-ekialdeko mendi mendateetatik barrena. 17 erasoaldi egin zituzten Indiako ekonomia- eta erlijiogune nagusi kontra: Multan, Mathura, Kanauj eta Somnath; guztiz deseginak utzi zituzten erreinuak. Baina beren barne zatiketak zirela eta, turkiarrek ez zuten lurralde haien batasun iraunkorra egiterik lortu, eta 150 urtez ez zuten beste erasoaldirik egin. v Delhiko sultan herria. XII. mendean, Muhammad de Ghur-ek (1163-1206), Afganistango leinu baten buruzagiak, Prtvhi Raja menderatu zuen Taraingo borrokan (1192), eta Indian sartu zen, Bengalako golkoraino. Muhammad-ek, ordea, India utzi zuen bere inperioa Asia erdialdean sendotzeko asmoz, eta Aibak izeneko jeneral bat utzi zuen erregeordetzat; Muhammad hiltzean, Delhiko sultan herria fundatu zuen hark bere aldetik. Aibak-en ondorengoak, Iltutmish-ek (1211-1236), Gengis-Khan-en mongolei aurre egin behar izan zien; mongolak 1221az gero zeuden Indon, eta sarritan eraso zioten sultan herriari. 1287tik aurrera Khalji dinastiak beretu zuen sultan herria; 1306an dinastia honek atzera eragin zien mongolei, Dekkan-a beretu zuen, eta zergapean jarri zuen Indiako hegoaldea osoa. 1320tik aurrera aginpidea eta lur eremuak galduz joan zen sultan herria. 1398an Tamerlan mongolak, ordurako Asiako zati handi baten jabe, Indo ibaia gurutzatu eta Delhi hiria bipildu zuen. Iparraldeko India berriz ere estatu txikietan zatitua geratu zen. v Vijayanagar-ko erreinua. Delhiko sultan herriaren etengabeko zatiketak hartara bultzatuta aristokrazia hindu zaharrak gobernatutako erreinuen sorrera bultzatu zuen; era horretan 1336an Vijayanagar-ko erreinua sortu zen, penintsulako erdialdeko erreinu zaharrak itsaso batetik bestera biltzen zituena. Erreinuaren aberastasuna kostaldeko lur lauetako nekazaritzan eta Indiako Ozeanoko ekialdeko eta mendebaleko kostaldeen arteko merkataritzan oinarritzen zen. Erreinu hindua 1565an desagertu zen, iparraldeko musulmandarren sultan herrien elkarte batek hinduak guduan garaitu zituenean, artileria erabili baitzuten haiek Vijayanagar-en elefanteen kontra. v Mogolen inperioa. Mogol Handia esapidea (o grao Mogor), portugaldarrek erabili zuten lehen aldiz dinastia honen jatorri mogola izendatzeko; baina Baber-ek, dinastiaren sortzaileak, persiarren eragin handia zuen, bere memoriak turkiar hizkuntzaz idatzi bazituen ere; haren ondorengoek persieraz idatzi zuten. Enperadoreak berak sah edo padsah izendatzen zuen bere burua, eta ez mogol handia, titulu hori sartaldekoek bakarrik erabiltzen baitzuten. 1526an Baber Afganistango erreinutik abiatu zen eta berehala menderatu zituen Delhi eta Agra. Gero Rajput leinuen elkarte bati aurre egin zien eta baita garaitu ere artileriari esker. 1530ean hil zen Baber; haren seme Humayaun izan zen Baber-en ondorengoa. Biharko enperadoreak Indiako iparraldetik egotzi bazuen ere, persiarren laguntzari esker eskuratu ahal izan zituen berriro galdutako lurrak. Akbar-en erreinaldian (1556-1605), iritsi zuen gailurra mogolen inperioak: Akbar-ek Indiako iparralde osoa azpiratu zuen, Gujarat-etik Bengala arte, erlijio tolerantzia ezarri zuen bere mendeko guztiak batzearren eta administrazioa eraberritu zuen. Inperioa aginpide zentralaren mendeko probintzia, barruti eta azpi-barrutietan banatua geratu zen. Akbar-ek Fatehpur Sikri hiria izendatu zuen inperioko hiriburu, baina utzi egin zuen ur hornidura arazoak zirela eta. Akbar-en hurrenak, Jahangir-ek (1605-1627), jesuitak onartu zituen misio lanetan, eta egoitza bereziak eman zizkion Sortaldeko Indietako Konpainia Ingelesari; oso gogorra izan zen ordea sikh-en sekta berriarekin. Sah Jahan (1628-1658), Jahangir-en semea eta laugarren mogol handia, Indiako eraikitzaile handiena izan zen. Haren erreinaldian eraiki ziren Gotorleku Gorria, Mezkita Handia eta Taj Mahal. Aurangzeb-en (1628-1707) erreinaldi luzean hasi zen inperio mogolaren gainbehera. Horren arrazoi nagusiak bi izan ziren: azken erregeek hindu erlijioaren kontra jokatu izana, eta elkarrengandik oso urruti zeuden herrialdeak aginpide zentral baten pean baturik edukitzeko zailtasuna, burujabe izan nahi zuten gobernarien esku zeudela gainera. v Inperio mogolaren azkena eta kolonien garaia. Aurangzeb hil zenean istilu etengabeak izan ziren erregetza zela eta. Bienbitartean frantsesak eta ingelesak Bengalan Indiaren jabetza lortzeko borrokatzen ziren. Ingelesak egin ziren jabe; 1814 arte gobernari hinduen agintea onartu zuten, baina 1858an Bahadur Sah, azken mogol handia, kargutik kendu zuten eta India ingeles monarkiaren mende geratu zen 1947 arte. 1947an itundu zen Indiaren britainiarrekiko independentzia, baina hiduen eta musulmanen arteko areriotasunak ingelesak antzinako inperioa bi estatutan banatzera behartu zituen: Indiako Errepublika eta Pakistan. Banaketa horrek sarraski izugarriak eragin zituen bi taldeetan, eta biztanleen lekualdaketak handiak izan ziren; bi estatuen arteko gatazka sortu zen Kaxmirreko mugak zirela-eta (1947, 1957 eta 1965). Gandhiren hilketaren ondoren (1948), Indiak, Britainia Handiaren eredu bereko konstituzio parlamentario bat onarturik, Nehru pandita izendatu zuen estatuburu, eta hark eraman zuen herria, industria astun indartsu bat sortuz, estatu modernoen bidera. Nehruren nazioarteko politikak, neutraltasunean oinarriturik, leku garrantzitsua eman zion Indiari hirugarren munduko herrialdeen artean. Nehru hil ondoren (1964), Lal Bahadur Shastrik (1966) hartu zuen kargua, eta haren ondoren, Indira Gandhi, Nehruren alaba, izan zen Lehen Ministro. Arazo larriak izan zituen ordea: “jauntxo handien” eta iraultzaileen oposizioa, eta demografiak eragindako arazo ekonomikoak. Atzerrian, 1971n, Pakistanekin beste gerra bat piztu zelarik (1965ekoaren ondoren), Bangladeshen sorrera bultzatu zuen Indiak (Pakistan ekialdeko ohia). 1974an, lehen bonba atomikoa leherrarazi zuen Indiak. 1975ean, Sikkim eskualdearen anexioa egin zuen (Errepublikako hogeita bigarren estatua). 1975-1977 urteetan, arazo ekonomikoak eta protesta politiko gogorrak zirela-eta, larrialdiko egoera ezarri zuen Indira Gandhik, eta oposizioko militarrak atxilotu zituen. Oposizioko koalizio bat garaile izan zelarik 1977ko hauteskundeetan, Morarji Desairi utzi behar izan zion agintea. Baina estatuburu berriak ez zuen lortu ekonomiaren egoera zuzentzea, eta 1980ko hauteskundeetan Indira Gandhi izan zen, berriz ere, garaile. Bigarren agintaldi honetan ekonomia hobeto joan zen, baina etnia eta erlijio desberdintasunek arazo handiak sortu zituzten, 1984an bereziki (sikhen altxamendua, Amritsarko Urrezko Tenpluaren erasoa, eta Indira Ghandiren beraren hilketa bi sikhen esku). Haren semea izan zen ondorengoa, 1984ko hauteskundeen ondoren. 1986an, Arunachal Pradesh eta 1987an, Mizoram eta Goa eskualdeak Indiako estatu bihurtu ziren. Nazioartean, Indiak Sri Lankako gobernuari lagundu zion separatista tamilen kontra (1987-1989). 1989an, ustelkeria salaketak eta bere alderdiak hauteskundeetan izan zuen porrota zirela-eta, R. Gandhik dimisioa eman zuen. 1989ko abendua eta 1991ko ekaina artean, Janata alderdiko bi gobernualdi izan ziren, baina ez batak ez besteak ez zioten irtenbiderik eman Punjabeko sikhen terrorismoari, ez Kaxmirreko musulmanen separatismoari. R. Gandhiren hilketaren ondoren (1991ko maiatza), Narasimha Rao, Kongresuko Alderdiko buruzagia, saiatu zen herrialdea Mendebalderantz zabaltzen eta ekonomia liberalizatzen. Fundamentalismo hinduistaren gorakada –Bharatiya Janata edo Indiar Herriaren Alderdiaren (BJP) hauteskundeetako arrakasta da horren adierazgarri–, hinduisten eta musulmanen arteko istiluen sorburua izan zen (Ayodhyako meskitaren suntsipena, 1992ko abenduan). Indarkeria hori bi eratako gatazketan gauzatu zen: Indiako Errepublikaren egonkortasuna auzitan jartzen zutenak (Kaxmir, Punjab eta ipar-elkialdeko zazpi estatuetan zeuden istiluak: Arunachal Pradesh, Assam, Manipur, Meghalaya, Mizoram, Nagaland eta Tripura), eta Errepublikaren egitura politiko eta sozialari zegozkionak: muturreko hinduistek estatu laikoa kondenatzen dute, higikunde autonomistek lurraldearen zatiketa eragin dezakete, etab. 1996an, berriz ere legebiltzarreko hauteskundeetan BJP garaile izan arren, ezkerrezko eta zentro-ezkerreko alderdien Fronte Bateratuko buruzagia, Deve Gowda, izendatu zuten Lehen Ministro, baina Legebiltzarrean ez baitzuen gehiengorik, 1997an dimisioa eman zuen eta Kanpo Arazoetako ministroak hartu zuen haren lekua, Inder Kumar Gujralek. Urte berean, aurreneko aldiz kastak bizirik dauden herrialde batean, ukiezin bat hautatu zuten presidente, Kocheril Raman Narayanan; ondoren, ordea, Lehen Ministroak dimisioa eman zuen eta Legebiltzarra desegin zen. 1998an hauteskundeak egin ziren, garaia baino lehenago, eta haietan lur jota geratu zen agintean zegoen ezkerreko Fronte Batua, PJP-ko hindu nazionalistek eta Sonia Ghandiren Kongresuko Alderdiak gora egin zuten artean. Lehen Ministroak, Atal Behari Vajpayeek, pragmatismoaren bidetik, erreforma ekonomikoko plangintza bat jarri zuen abian; oztopoak izugarriak ziren ordea: produzkio aparatuaren ahultasun estrukturala, estatuaren funtzionamendua bera –gastu publikoa, funtzionario kopuru handiari, eta dirulaguntzen eta zorraren interesen zamari lotua, izugarria baita–, eta atzerritar inbertsoreen ikara, atzera egin baitute gobernuaren desadostasunak ugaltzen eta saio nuklearrak ez direla eteten ikusirik. 1999ko urtearen hasieran, misiolari bat eta bere bi semeak hil zituztelarik, eta ondoren Biharko estatuko 35 pertsona, erantzun gogorra izan zen nazioartean, eta ultranazionalisten protestak areagotu ziren, Lehen Ministroari egozten baitzioten irmotasun falta. Agintean hamairu hilabete eskas beteta erori zen gobernua. Hiru urte baino gutxiagoan, bosgarren aldiz geratu zen India gobernurik gabe. Oposizioak ezin zuelarik beste koalizio gobernu bat osatu, Kocheril Raman Narayanan presidenteak Legebiltzarra deuseztatu zuen, eta hauteskunde orokorrak iragarri zituen. v Erlijioak. Indoko zibilizazioko herrien erlijioa arkeologia aztarnen bitartez baino ez da ezagutzen; bainuak aurkitu dira, eta aldare diruditen eraikuntzak, beharbada errituetarako erabiliak. Ariar herriak heldu zirenean Vedaren erlijioa sortu zen. Vedismoa testu bidez ezagutzen da; testu horiek ahoz aho igorri eta K.a. X. eta III. mendeen artean idatzi ziren (ik. vedismo). Hasierako vedismoa oinarri hartuta, brahmanismoa edo hinduismoa sortu zen (ik. hinduismo). K. a. VI. edo V. mendean budismoa eta jainismoa agertu ziren. Budismoa oso bizkor garatu eta hedatu zen Asia osora, baina gero garrantzia galdu zuen Indian. Jainismoa, budismoa ez bezala, ondo egokitu zitzaion gizarte hinduaren kasta sistemari; jarraitzaile asko izan ez bazituen ere, erregeen babesa izan zuen eta oso monasterio ahaltsuak eta aberatsak eraiki ziren (ik. budismo, jainismo). Islama VIII. mendean sartu zen Indian Indo ibaiaren behe-harenetik, eta laster hedatu zen Punjab-era. 1200. urtean hasi ziren musulmanak Indiako iparraldea konkistatzen; konkista haren ondorioz hedatu zen islama. Nanak Dev guruak (1469-1538) sikh-en sekta fundatu zuen hinduismoa eta islama batzeko asmoz, baina hinduen testu sakratuak eta Korana ukatzen zituztela eta, islamaren zismatzat jo zuen sikh-en sekta (ik. sikh). Parsiak, Persiatik zetozen mazdeistak, X. mendean heldu ziren Indiara; talde txikia ziren (ik. parsi). XVI. mendean jesuitak heldu ziren, baina kristautasuna ez zen Indian zabaldu. v Artea. Indiako artea erlijiosoa da batez ere; mende askotan zehar garatua da, eta kultura askoren eragina jaso du. v Antzinako aldia (K.a. XX-II mendeak). Indiako lehen arte adierazpenak Indo ibiaren zibilizaziokoak dira. Zeramikazko irudi estilizatuez zegoen apaindua, landareen eta animalien irudiz batez ere. Indusketetan animalien, jainkosen eta dantzarien irudiak agertu dira, Sumeriako estiloaren antzekoak. K.a III. mende aldera agertu ziren harrizko lehen eraikuntzak. Garai hartako ohiko eraikuntzak stupa izenekoak dira (kupula formako oroitarriak, erlikiak gordetzen zituztenak), harrian zizelaturiko santutegiak eta zutabe oroigarriak. Eskultura librea estatikoa zen baina orekatua hala ere; jainkoak irudikatu ohi zituen. Behe-erliebeek gehienetan Budaren bizitza kontatzen zuten, sinboloen bitartez. v Transizio aldia. (K.a. I-V. mendeak). Budismoa izan zen nagusi aldi honetan. Arrokan zizelaturiko eraikuntzak baino ez dira gorde (Nasik-eko santutegia eta Kanheriko monasterioa). Behe-erliebeek Budaren irudia erakusten zuten. v Aldi klasikoa. (V-XII. mendeak). Garai hartakoak dira arrokari lotu gabeko lehen santuarioak, adreiluzkoak nahiz harrizkoak (Kapotesvarako tenplua). Garai hartako harrizko tenpluek apaindura ugari izaten zuten, goi-erliebezkoak (Ajanta, Aurangabad, Ellora). Budaren estatua askeen perfekzioa iritsi zuten. Orobat garai hartakoak dira horma-pintura asko, Indiako margolaritzaren gailurra direnak (Ajanta, Bagh, Badami). v Musulman aldia. (XIII-XVIII. mendeak). Islama heldu zenean, Indiako lekuan lekuko estiloak islamaren artearen berezko apaindura estiloekin (Mulay Hafiz khan) eta persiarrekin (Delhi, Agra, Lahore) bat egin zuten. Enperadore mogolek eraikuntza monumentalak ugaritu zituzten (Taj Mahal, Fatehpur Sikri). Garai hartan garatu zen miniaturaren antzea ere, bai erlijiozkoa, bai profanoa. v Filosofia. Erlijioarekin batera, K.a. 1000. urtetik aurrera garatu ziren Indian filosofia eskola eta sistema sail bat. Hindu filosofia sutra edo aforismoen bidez transmititu zen, sanskritoz eta sankristoaren dialektoz idatziak. Indiako pentsakera XIX. mendean ezagutu zen Sartaldean, filologoak sanskritoaren garrantziaz ohartu zirenean. Indiar filosofiak, sartaldekoak ez bezala, kontzeptu ez ohikoak erabiltzen ditu, eta esanahi lauso eta aldakorreko terminologia. Espekulazio filosofiko horiek, hizkuntza sinbolikoz, ez logikoz, adieraziak, Veden erritu liburuetan hasi ziren eta brahamanen kastei buruzko liburuetan jarraitu zuten (Aranyaka eta Brahmanak), kasta nagusiko gizonek bultzatuak. Geroago, indiar filosofiaren adar nagusia sistemetan egituratu zen, eskolaguneak sortu zituztenak, hala nola Mimamsa, Vedata, Yoga, Nyaya eta budismo eta jainismoarenak. Indiar dotrina guztiek Vedak dituzte oinarrian; haien agintea onartzen ala ukatzen dute, eta erlijioa, metafisika, etika eta psikologia batzen dituzte. v Indiako literatura. Bi ezaugarri nagusi izan ditu Indiako literaturak sortu zenez geroztik; kultura zahar tradizionalaren eragina batetik, eta herrialde hark berezko duen erlijio mistizismo sakona bestetik. Sanskritoz idatzi ziren Indiako lehenbiziko izkribuak, eta hizkuntza zahar hura izan zen, bere dialekto eta adarrekin, Indiako literatura hizkuntza, harik eta XIX. mendean ingelesa bertan errotu zen arte. XVIII-XIX. mendeetan, Britainia Handiaren eragina areagotu zen Indian eta ingelesez idatzitako literatura nagusitu zen. v Literatura sanskritoa (K.a. 1400 - K.o. 1200). K.a. 2.000. urte inguruan Indian sartu ziren herri indoeuroparrek (indoirandarrak deituak) sanskritoz hitz egiten zuten, eta Veda (jakintza) izenez ezagutzen diren erlijio izkribuak ziren haien literatura adierazpideak. Vedak ahoz kontatzeko pentsatuta zeuden eta brahmanismo hinduaren errituzko tradizio guztia jasotzen zuten lau bilduma edo sailetan (samhitatan) banatuta. Veda haien harira Veden literatura dei daitekeena sortu zen 1400. urte inguruan. Gero, Veden literaturaren ondoren, K.a. 400 urtetik K.o. 1000. urtea bitartean, literatura epikoa etorri zen: Mahabharata (Bharaten gerra handiari buruzkoa) eta Ramayana dira garai hartako bi poema ospetsu. K.a. 200. urtetik K.o. 200era bitartean bi erlijio handi errotu eta indar hartu zuten Indian: budista eta jainista, eta haien harira sanskritoaren dialektoak erabili zituzten literatura budista eta jainista sortu ziren, Vedetako erlijioari aurre egin asmoz. K.o. 320. urtean Gupta dinastiak agindu zuen Indian eta aldi hura izan zen, 1.200. urtea arte, literatura sanskritoaren urrezko aldia. Ramayana eta Mahabharata obren antzera eredu epikoa hartu zuten, baina kavya izeneko estilo dotore guztiz berri batekin. Kalidasa da aldi hartako idazlerik ospetsuena eta Kumarasambhava (Gerrako Jainkoaren jaiotza) eta Raghuvamsa (Raghuren leinua) bi obra aipagarri. Poesia lirikoa eta antzerkia geroago landu ziren, eta lehen aipatutako Kalidasa poeta da antzerki idazle nabarmenena. Orobat, garai hartan (XI-XII. mendeetan) sortu eta errotu zen Indian elezaharrak, ipuin laburrak eta fabulak kontatzeko ohitura; hala, geroago, Erdi Aroan, ospe handia hartu zuen literatura genero baten aitzindari izan ziren. Indiako fabula edo elezahar bilduma ezagunena Panca-tantra (Bost Liburuak) izenekoa da; abereen ipuinak dira eta hezitzea eta moralaren ohitura onak erakustea dute helburu. Arabiarren bidez ezagutu zen liburu hura Europan, lehenbizi arabierara eta gero gaztelerara itzuli baitzuten. v Indiako literatura XIX. eta XX. mendeetan. XVIII. mendearen bukaeran ingelesak egin ziren Indiaren jabe. Ingelesek beren hezkuntza sistema ezarri zuten eta horrekin batera literatura adierazpide berri bat agertu zen Indian: eleberria. Bengaleraz idazten zuen Bankim Chandra Chatterjee (1894an hila) izan zen lehenengo eleberrigile ezaguna Indiatik kanpora. Urte batzuk geroago, 1912an, Rabindranath Tagore indiar idazleak Gitanjali izeneko bere olerki liburua itzuli zuen ingelesera, eta hurrengo urtean Nobel Saria eman zioten. Rabindranath Tagorek zabaldu zizkien indiar idazleei Europako ateak; hala, idazle ezagunak dira Mohamed Iqbal, Ila Chandra Joshi, Agyeya Dharm, eta Ram Ganesh antzerkigilea, besteak beste.
http://india.gov.in/default.php