Ibarruri Gómez, Dolores
(Pasionaria deitua). Bizkaiko politikari komunista (Gallarta, 1895 - Madril, 1989). Meatzari familia batean sortua zen. Hiru urtez neskame egon ondoren, meatzari batekin ezkondu zen, hogei urte zituela. Garai haietan, Somorrostroko elkarte sozialistako kide egin eta parte hartzen hasi zen zuzenean langileen aldeko ekintzetan (1917ko abuztuko iraultza greba). El minero vizcaíno agerkarian hasi zen lanean 1918an (aldizkari horretan erabili zuen Pasionaria ezizena lehenbizikoz) eta III. Internazionalaren aldeko ahaleginetan murgildu zen 1919an, Errusiako Iraultzaren oihartzunak mundu guztira zabaldu ondoren. Bizkaiko lehen talde komunista eratzen parte hartu zuen 1920an, eta Espainiako Alderdi Komunistaren lehen Kongresuan 1923an. Alderdi horretako Batzorde Nagusiko kide izendatu zuten 1930ean eta Madrilera joan zen 1931n, Mundo Obrero egunkariko erredaktore izateko. Kartzelan eduki zuten 1931ko urritik 1932ko urtarrila arte. Handik irtenik, Alderdi Komunistaren IV. kongresuan, agerian eta legez egin zen lehenean, hartu zuen parte. Batzorde eragileko kide hautatu zuten kongresu hartan. Berriro kartzeleratu zuten, 1933ko urtarrila arte. Pro Infancia Obrera eta Agrupación de Mujeres Antifascistas izeneko erakundeak bultzatu zituen urte hartan. 1934. urtean Asturiasko iraultzan parte hartu zuen, eta gordeka bizi behar izan zuen aurrerantzean. Espainiako Alderdi Komunistako ordezkari izan zen Moskun, III. Internazionalaren VII. batzarrean. 1936. urteko urtarrilean preso hartu zuten Madrilen, eta diputatu hautatu zuten Asturiasen urte hartako otsaileko hauteskundeetan. Espainiako Gerra Zibilean komunisten propagandagilerik gartsuena izan zen; haren ahotik irten ziren ¡No pasarán! (Ez dira pasako!) eslogan antifaxista eta Más vale morir de pie que vivir de rodillas (Hobe zutik hil, belauniko bizi baino) esaldi ospetsuak. Euskadiko Autonomia Estatutuaren alde mintzatu zen Madrilgo Parlamentuan (1936ko urriaren 1a). Gerra galdutakoan, Espainiatik alde egin eta Sobiet Batasunera jo zuen. Espainiako Alderdi Komunistako idazkari nagusi hautatu zuten, Jose Díaz hildakoan (1942) eta postu horretan egon zen, harik eta 1960. urtean, Carrillok haren lekua hartuta, lehendakari izendatu zuten arte. Ez zen estalinismoaren aurka garbi agertu, baina gaitzetsi zuen Varsoviako Ituneko indarrak Txekoslovakian sartu izana (1968). 1977an itzuli zen Espainiara, eta diputatu hautatu zuten Asturiasen berriro ere 1977ko ekainean. Sei seme-alaba izan zituen Dolores Ibarrurik; haurretan hil zitzaizkion lau, eta beste bat Stalingradoko guduan hil zen, nazien aurkako borrokan. Euskal Herrian sortutako politikari handienetakoa eta mugimendu komunistako emakumerik ezagunenetakoa izan da Dolores Ibarruri. Oroitzapen liburu bat eman zuen argitara: El único camino (1962, Bide bakarra).
- Ibarrolle
- Ibarron
- Ibarrondo Ugarte, Félix
- Ibarrondo, Pierre
- Ibarrondo
- Ibarruri Gómez, Dolores
- Ibarruri
- Ibarsusi
- Ibarzabal, Eugenio
- ibaso
- Ibb