Hubel, David H
Estatubatuar neurobiologoa, Kanadan jaioa (Windson, Ontario, 1926). Medikuntza ikasketak egin zituen Montréalen. 1959an Harvardera jo zuen, bertako unibertsitateko irakasle. Han hasi zen T. Wiesel suediarrarekin batera ikusmenaren kortexean (begiek bidalitako mezuak jasotzen dituen garunaren zatian), informazioa nola prozesatzen den ikertzen. Mikroelementuak eta teknika elektroniko modernoak erabiliz, neurona banakoen aktibitatea detektatzen saiatu ziren, ikusmenaren kortexeko 17. esparrukoarena zehazki. Hubel eta Wiesel ohartu ziren ikusmenaren estimuluak jasotzen dituen kortexeko zelulen jarduna oso berezia dela. Zenbait zelulak argi orbanen eraginei baizik ez die erantzuten, eta beste batzuek, berriz, makurtze kritikoa duten lerroei soilik, eta beraz, angeluak 10 graduko aldaketa izatea nahikoa da erantzuna aldatzeko. Hubeli esker, gaur egun ikusmenaren kortexa da hobekien ezagutzen den burmuinaren zatia. Medikuntzako Nobel saria jaso zuen 1981ean T. N. Wieselekin eta R. W. Sperryrekin batera, ikusmenaren zentroan informazioa lantzeko moduari buruz egin zituzten aurkikuntzengatik.