Hubble
Teleskopio espaziala, orbitan dagoen erabilpen orokorreko lehen behatokia, NASAren eta Europako Espazio Agentziaren artean lankidetzan garatutakoa. 1990eko apirilaren 24an espaziora igorritako teleskopio honi, Estatu Batuetako Edwin P. Hubble astronomoaren ohorez ipini zioten Hubble izena. Teleskopioaren ispilu nagusiak 2,4 m-ko diametroa du, eta bertako lenteak halako moldez daude eginak, non teleskopioak, argi ikusgaia behatzen duenean, teorian 0,05 segundorainoko angelu tartea duten objektu astronomikoak zehatz ditzakeen. Honekin alderatuz, Lurrean dauden ohiko teleskopio erraldoiek, zerua egoera atmosferiko egokietan dagoela aritzen direnean, 0,5 segundoko angelu tartea duten irudiak bereizteko ahalmena dute. Hubble teleskopioa, hasieran, espektro elektromagnetikoko eremu ikusgai eta ultramoreetan behaketak egiteko horniturik zegoen, eta bost detektagailu zituen: WFPC (Wide Field Planetary Camera) eta FOC (Faint Object Camera) izeneko kamerak, FOS (Faint Object Spectrograph) eta GHRS (Goddard High Resolution Spectrograph) espektrografoak eta HSP (High Speed Photometer) fotometroa. Hiru sentsore ere baditu, zehaztasun handiko neurketa astronomikoak egiteko aukera ematen dutenak: izarren arteko distantziak zehazteko, esate baterako. ■ Teleskopioa jadanik orbitan zegoela, fabrikazio-akatsen bat zela medio, teleskopioko ispilu nagusiak ez zuela ondo fokutzen ohartu ziren zientzialariak, eta 1993ko abenduan, arazoa konpontzeko bidaia bat antolatu zen Endeavour espazio ontzia erabiliz. Abiadura handiko fotometroa (HSPa) kendu, eta honi zegokion zirrikituan COSTAR (Corrective Optics Space Telescope Axial Replacement) izeneko zuzenketa optikorako gailua sartu zuten. Beste lau tresnek ez bezalako ibilbide optikoa zuen WFPC kameraren ordez, ispilu nagusiko akatsa zuzentzeko tresna bat zuen WFPC2 kamera ere ipini zuten. Kamera honek irudi zehatzagoak eskaini ditu, beste zenbait gertaeraz gainera, izarren eraketaz. Teleskopioak Jupiter planetaren ikuspegi onenetako bat ere jaso zuen, Shoemaker-Levy kometaren zatiak planeta hura bonbardatu zutenean 1994ko uztailaren 9an. Erorketa haiek eragindako ondorioen irudiek garrantzi handiko datuak eman zizkieten zientzialariei Jupiterko atmosferak duen osaera kimikoaren espektro-azterketa egiteko. ■ 1997ko otsailean, Discovery espazio ontzian joandako sei astronautek doitze lanak egin zituzten teleskopioan, besteak beste azterketa teknikoa egin eta ahalmen handiko bi behaketa-tresna ipiniz. GHRS eta FOS espektrografoak kendu eta haien ordez bi tresna berri ipini zituzten: STIS (Space Telescope Imaging Spectrograph) espektrografoa eta NICMOS (Near Infrarred Camera and Multi-Object Spectrometer) kamera. Espazioan aldiko puntu bakarra ikus zezaketen aurreko GHRS eta FOSek ez bezala, STIS espektrografo honek lerro jarraituak ere ikus ditzake, eta horri esker, galaxia baten erdigunean biratzean materiak izan ohi dituen abiada ikertu ahal izaten da, besteak beste. NICMOS kamera, berriz, espektro elektromagnetikoko eremu infragorrian lan egiten duen lehen tresna da Hubble teleskopioan. Ageriko erradiazioarekin gertatu ohi den bezala, materiak ez du erradiazio infragorria islatzen, ezta xurgatzen ere, eta normalean irradek eragindako beroa detektatu ohi da; horregatik, kamera honi esker hauts eta gas lainoen barruan dauden objektu beroak, eratzen ari diren izarrak esaterako, ikusi ahal izaten dira. 1998an, Hubble-ko tresna berriek bi galaxien arteko kolpearen irudiak hartu zituzten; Eguzki sistematik kanpo planeta bat dagoen lehen froga zuzena dirudiena ere lortu zuen teleskopio espazial honek.