Hubeau, Jean
Frantses musikagile, irakasle eta piano-jotzailea (Paris, 1917 - Paris, 1992). 1934an Erromako saria irabazi zuen La Légende de Roukmani kantatagatik, 1935ean Llouis-Diémer piano saria, eta urte horretan bertan idatzi zuen orkestrarako bere lehen lana, Tableaux hindous. 1937an, Arte Ederretako Akademiaren beka bati esker, Vienara joan zen eta orkestra zuzendaritza ikasi zuen Felix Weigartner eta Josef Kripsekin batera. Garai hartan musikagile eta piano bakarlari karrera hasi zuen. 1938an grabatu zuen lehen diskoa, Schuberten musikaz osatua; 1942an Versailleseko Kontserbatorioko zuzendari izendatu zuten, eta 1957an Parisko Kontserbatorioko ganbera musikako irakasle izateko deitu zioten. Hogeita bost urtez aritu zen lan horretan, eta Frantziako zenbait instrumentista belaunaldi prestatu zituen. Irakasle lanez gainera, ospe handia izan zuen ganbera taldeetan piano-jotzaile gisa. Bere grabazioek –Fauréren (1970) eta Schumanen (1981) ganbera musika guztia, Dukasen eta Fauréren piano musika (1991) grabatu zituen–, sari garrantzitsuak jaso zituzten. Irakasle eta pianista jarduna zela-eta, gero eta gutxiago aritu zen musikagintzan, baina hala ere, hiru ballet (Trois Fables de la Fontaine, 1945; La Fiancée du diable, 1945; Un coeur de diamant, 1949) eta zenbait kontzertu, sonata eta abar idatzi zituen (pianorako, Variations 1933, Conte fantastique d’Espagne 1936, Concerto héroïque, etab.) eta baita zenbait filmetako musika ere.