Herodoto
(Gr. Herodotos). Greziar historiagilea (Halikarnaso, K.a. 484 inguruan - Turios, 425 inguruan). Ligdamis tiranoaren aurkakoa zen familia batean sortua zen; Samosera erbesteratu behar izan zuen harekin batean. Halikarnasora itzulirik, tirania egozteko matxinadan parte hartu zuen (K.a. 454 inguruan). Denbora batez Atenasen bizi izan zen (K.a. 446 inguruan), eta Perikles eta Sofokles ezagutu zituen. Periklesek Grezia Handian sorturiko Turios hirira kolono joan zen (444). Samos, Atenas eta Turios abiagune harturik, bidaia handiak egin zituen Asia, Afrika eta Europako lurraldeetan zehar: Asia Txikia, Babilonia, Eszitia (Olbia, Krimea), Zirene, Goi eta Behe Egipto, Kreta, Egeoko uharteak, ia Grezia kontinental osoa eta Grezia Handia. v Historiaren aita deitu ohi zaio Herodotori. Persiako Gerrak eta haien aitzinekoak dira Herodotoren obra luzearen gunea. Herrialde askoren ohiturak, sinesmenak, erakundeak, geografia, eguneroko bizitza, elezaharrak, ipuinak, monumentuen deskripzioa eta abar tartekatzen dira greziarren eta barbaroen arteko gatazkaren aitzingibelen arian. Obra luzea utzi duen lehen prosagile greziarra da. Herodotoren historian, Iliadan ez bezala, jainkoek ez dute jadanik noiznahi esku hartzen. Kontakizuna ez da buruzagi ospetsuen goraipamenetan galtzen, ez eta haien konkisten laudorioetan ere. Nolanahi ere, aurreko logografoen elezahar-historiaren eta Tuzidideren historia metodikoaren artean geratzen da Herodotoren historia. Ikerketa (Gr. ‘istor'ia) zentzua ematen dio bere obrari, eta betiere bere iturriak aipatzen ditu: artxibo sakratuak, idazkiak, ahozko lekukotasunak. Joniako dialektoan idatzia da, estilo bizi eta erakargarriz idatzia. Alexandriarrek bederatzi liburutan banatu zuten Herodotoren obra, eta atal bakoitzari musa baten izena jarri zion. Antzinatean begi kritikoz hartu zuten Herodotoren lana (Tuzidides, Aristoteles, Luziano, Plutarko); haren idazkera, berriz, oso aintzat hartu zuten. Errenazimentuan harenganako estimua zabaldu zen (L. Valla, H. Estienne, Ph. Melanchton). Gibbon-ek ere azpimarratu zuen Herodotoren balioa, eta geroztik historia sozial eta antropologia alorreko adituek aho batez berretsi dute iritzi hori.