heroinomania
iz. Med. Heroina hartu beharra sortzen duen egoera; gorputza heroina hartzera ohitzen denean sortzen den eritasun psikofisikoa. Heroinomanoak ezin du heroinarik hartu gabe egon, etengabe heroina bila aritzera eramaten baitu gaixotasun honek; ez da bere egoerari buruz arrazoiz pentsatzeko gai izaten, nahiz eta gehienek badakiten ez dela ona, eta heroina lortzea ideia obsesibo bihurtzen zaie. Heroinomaniak hondamendi handia ekartzen dio eriari, bai fisikoa bai psikologikoa. Psikologikoki sorrarazten dituen gorabeherez gainera, eritasun kutsakor ugari hartzeko arriskua dakar heroinomaniak (hepatitisa, eta batez ere HIES-a); normalean hartzen den heroina ez da oso garbia izaten eta heroinazaleak ohi baino heroina garbiagoa hartzen badu hiltzeko arriskua izaten du, etab. Horrez gainera, heroina garestia eta legez kanpo jarria izaten denez, hori lortzeko delitu asko egiten dira (lapurretak, prostituzioa, etab.). Gaur egun badira erakunde bereziak gaixo horiek sendatzen saiatzen direnak (Gimpaz, Proyecto Hombre…). Talde lana, psikologiazko terapiak… dira erabiltzen dituzten sendabideak.