Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Herodes

Juduen errege familia baten izena. v Herodes I.a Handia. Juduen erregea (Askalon, K.a. 73 - Jerusalem, K.a. 4). Galileako eta Zelesiriako gobernaria (K.a. 47-46) izan ondoren, Erromara alde egin behar izan zuen Hirkano II.arengandik ihesi. Marko Antonioren eraginez, erromatarrek juduen erregetzat onetsi zuten (K.a. 40) eta erromatar lejioen laguntzaz Jerusalem hartu zuen (K.a. 37). Actium-eko guduaren ondoren (K.a. 31) Oktavioren alde jarri zen. Aginpidea indartzeko xedez, asmonearrak, berearekin etsaiturik zegoen familia, suntsitu zituen, Hirkano II.aren biloba eta bere emaztea zen Mariamna barne. Zesarean eta Samarian obra publiko handiak eginarazi zituen eta Jerusalemgo tenplu berria eraikitzen hasi zen. Azken urteetan haren hamar emazteek emandako semeen arteko gatazka ugari sortu ziren. Herodesen heriotzaren ondoren, bizirik zirauten hiru semeen artean partitu zuten erreinua: Arkelao, Herodes Antipas eta Herodes Filipo Tetrarka. Bibliaren arabera (Mt 2, 16), Jesus jaioberria galdu nahirik Belengo haurren hilketa agindu zuen. v Herodes Agripa I.a. Juduen erregea (K.a. 10 - K.o. 44). Herodes Handiaren biloba. Galilea, Judea eta Samaria, hots, aitonaren mendeko lurraldeak bildu zituen bere erregetzaldian. Berenizeren aita. Bibliaren arabera (Eg 12, 1-5), berak hilarazi zuen Jakue Handia apostolua, eta San Petri kartzelan sartu. v Herodes Agripa II.a. Juduen erregea (K.o. 27 - Erroma, 100). Herodes Agripa I.aren semea. Kaltzisko errege izendatu zuten. Berenize bere arrebarekiko erlazioak eskandalagarriak izan ziren juduentzat. Juduen matxinadan Erromaren alde jarririk, juduen aurka borrokatu zen eta Jerusalemgo setioan esku hartu. v Bibliaren arabera (Eg 25, 13), haren aurrean gertatu zen Paulo apostolua auzitan. v Herodes Antipas. Galilea eta Pereako tetrarka (K.a. 20 inguruan - K.o. 39). Herodes Handiaren semea. Bere emaztea gaitzetsi eta Herodias, Herodes Filipo anaiordearen emaztea esposatu zuen. v Bibliaren arabera (Mk 6, 14-29), hori aurpegiratu ziolako, Joan Bataiatzailea atxilotu eta lepoa moztu zion, Salomek, Herodiasen alabak hala eskaturik. Harengana bidali zuen Pontzio Pilatok Jesus (Lk, 23, 8-12). Kaligulak aginpidea kendu eta erbesteratu zuen. v Herodes Filipo. Herodes Handiaren semea (K.a. I. mendea). Ebanjelioan aipatua da (Mk 6, 17). Bere iloba Herodiasen lehen senarra eta Salomeren aita. v Herodes Filipo Tetrarka. Agintari judua (K.o. 34an hila). Herodes I.aren eta Kleopatraren semea. Aita hil zenean Palestinako ipar-ekialdearen gaineko aginpidea egokitu zitzaion. Salomerekin ezkondu zen.