Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

heroina

iz. Kim. Alkaloide zuria, morfinatik eratorria, tasun analgesiko, lasaigarri, eta loarazleak dituena. Kristalaren gisako distira duen hauts garratza da, alkoholetan erraz urtzen dena. Opiotik ateratzen den morfina anhidrido azetikoarekin nahastuz lortzen da. Heroina sudurretik har daiteke, edo urarekin nahastuta odol zainetan zizta daiteke. Hasieran euforia izaten da nagusi eta ondoren lasaitasunezko sentipen atsegina nabaritzen da, baina maiz hartuta kalte handiak eragiten ditu bai gorputzean eta baita garunean ere; gorputza berehala ohitzen da heroina hartzera, eta behar fisikoa sortzen du. ik. heroinomano. v Heroina saltzea, hartzea edo prestatzea debekatuta dago herri askotan, baina debekatuta dagoenetan ere, heroina trafikoa ez da galdu. Ekialde Hurbilak, Asiak eta Mexikok ekoizten dute heroina prestatzeko erabiltzen den opio kopuru handiena; herri horietatik mundu osora heroina banatzen duten sare handiak dira, diru asko mugitzen dutenak eta indar eta eragin handia dutenak. Heroinaren salerosketak arazo asko sortu ditu nazioen artean eta gai hauetarako zituzten legeez gainera, hitzarmen eta neurri bereziak izenpetu dira.