Hernialde
Gipuzkoako erdialdeko udalerria (Tolosaldea eskualdea). Mugak: iparraldean, Alkiza eta Anoeta; ekialdean, Anoeta eta Tolosa; mendebal eta hegoaldean, Tolosa. Garaiera, 299 m. 4,2 km2. 1997ko datuen arabera, 303 biztanle ditu (hernialdetarrak), ia denak euskaldunak. Hernialde erreka igarotzen da udalerriaren hegoaldetik. Euskara, gipuzkera; euskaldunak, % 96. Udalerriko ekonomia jarduera nagusiak laborantza (bazkarako landareak, barazkiak, fruitu arbolak) eta abere hazkuntza (behi, ardi eta zerri azienda) dira, baina herritar asko joaten dira Tolosako eta Andoaingo industrian lana egitera, eta bigarren lanbidetzat ditu baserriko lanak. Aipagarria da bertako parrokiako XVII. mendeko erretaula. v Historia. 1374. urtean, inguruko beste leku txiki asko bezala, Tolosarekin bat egiteko hitzarmena izenpetu zuen Hernialdeko herriak. 1802. urtean jaso zuen hiri gutuna. Hernialdeko erretorea izan zen Santa Kruz apaiz karlista ospetsua.