Hernani
Gipuzkoako ipar-ekialdeko udalerria (Donostia-Beterri eskualdea). Mugak: iparraldean, Donostia, Astigarraga eta Usurbil, ekialdean, Astigarraga, Errenteria eta Arano (Nafarroa), mendebalean, Urnieta eta hegoaldean, Elduain eta Arano. Garaiera, 42 m. 40,4 km2. 1997ko datuen arabera, 18.899 biztanle ditu (hernaniarra). Auzo nagusiak: Akerregi, Epele, Ereñozu, Jauregi, Martindegi, Osinaga, Pagoaga, Santa Barbara, Zikuñaga eta Hernani. Urumea ibaia igarotzen da udalerriaren iparraldetik hegoaldera. Euskara, gipuzkera. Hizkuntza banaketa, 1996an: 9.586 euskaldun, 3.024 ia euskaldun eta 5.627 erdaldun. Industria (altzairugintza, metalurgia, papergintza, kimika industria, ehungintza, janari industria, pneumatikoak; langileen % 55,6) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak; langileen % 42,7) dira Hernaniko ekonomiaren oinarriak. Nolanahi ere, industriak behera jo du nabarmen azken urteotan. Aipagarri dira San Joan eliza (XVI. m.); udaletxe neoklasikoa, XIX. mende bukaeran eraberritua, Zikuñagako ermita, Aierdi jauretxea, Egino jauregia eta Portalondo etxea. v Historia. Historiaurreko monumentu ugari (trikuharriak, harrespilak) dago Hernaniko inguruetan, Igoin-Akola eta Adarra-Mandoegi mendietan. Hernaniko harana (Urumea ibaiaren harana, Aranotik Donostiara) lurralde barduliarra zen erromatarren garaian, baskoien lurraldeen mugan. 1014. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Hernaniko herria. Donostiako hiria sortu zenean (XII. mende erdialdean), bertako auzo bihurtu zen Hernaniko herria; alabaina, 1380. urtean eman zioten Hernaniri hiri gutuna, Donostiako foruaren arabera. 1512. urteko azaroan, Nafarroako erresuma berreskuratu nahian zebilen gudaroste nafar-frantses batek herria erre zuen. Halaber, 1719an gudaroste frantses batek herria erre zuen bigarren aldiz. Burdinolek tradizio luzea izan dute Hernanin, eta XVIII. mende erdialdean berebiziko garrantzia hartu zuen ainguragintzak. 1766. urtean, bat egin zuten Hernaniko agintariek Gipuzkoako beste hiri eta herrietakoekin (Donostia, Errenteria, Oiartzun, Urnieta) eta matxinadan altxa zirenen aurkako zapalkuntzan parte hartu zuten. Hernani Aldundiko egoitza bihurtu ohi zen gerra garaian. Independentziako gerra garaian frantsesek gotortu egin zuten herria, eta gotorleku gisa mantendu zuten 1813an erretiratu ziren arte. Lehen karlistadan karlisten mende egon zen Hernani 1837. urtera arte. Bigarrenean, alferrik saiatu ziren karlistak Hernaniko herrian sartzen, bonbardaketek suntsitu zuten arren. 1936ko gerra zibilean, 1936ko irailaren 12ra arte eutsi zion Hernaniko herriak Francoren gudarosteari. 200 pertsonatik gora hil zituzten Hernanin Francoren jarraitzaileek ondoko egunetan, Jose Ariztimuño “Aitzol” tarteko. Gerra zibilaren ondoren, 1960. urte inguruan hasi zen Hernaniko herria handitzen, industriak kanpoko jende asko erakarri baitzuen. 1986ko urtarrilean Lasarte-Oriako herria sortu zen eta Hernaniko parte txiki bat hartu zuen beretzat.