Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hendaia

Lapurdiko hego-mendebaleko udalerria, Bidasoa ibaiaren eskuinaldean, Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan. Frantziako eta Espainiako estatuen arteko muga herria da Hendaia. Hendaye du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Kantauri itsasoa; ekialdean Urruña; mendebalean, Bidasoa ibaia, Irun eta Hondarribia (Gipuzkoa), eta hegoaldean, Urruña (Pausu edo Behobia) eta Irun (Pausu edo Behobia). 7,98 km2. 1999ko datuen arabera, 12.966 biztanle zituen (hendaiarrak), 1990ean baino ia 1.500 gehiago, eta ordurako ere handitzen hasia zen era oso nabarmenean. Auzo nagusiak: Marienat, Matxit, Oloso, Agorreta, Gastanalde, Ansoborlo, Moleretxa, Dorrondegi, Sandotegi, Potenea, Hondarraitz, Sanat, Fagadi, Asporots, Haikabia eta Hendaia. Euskara, lapurtera; euskaldunak, % 18. Zerbitzuen alorrean (turismoa, aduanak, administraritza, nazioarteko burdinbidea, finantzak; langileen % 77) eta industrian (armagintza, kontserbak, burdinbiderako gaiak, metalurgia enpresa txikiak, zapatagintza; langileen % 22) oinarritzen da bertako ekonomia jarduera nagusia. Arrantza portu txikia baina mugimendu handikoa du gaur egun Hendaiak. Betidanik turismoari emana egon da, eta ildo horretatik 90eko hamarkadan aldaketa handiak izan ditu. Besteak beste, kirol portu berria eraiki da bertan, eta horren inguruan garapen turistiko handia izan da Sokoburu inguruan. Aipagarri dira bertako hondartza luzea (Hondarraitz), Bixintxo edo San Bizente parrokia eta D´Abbadieren jauregia, Aragorri izeneko muinoan, Hondarraitz gainean. Hegoaldeko biztanleak hartzen jarraitu du Hendaiak, nahiz eta azken urteotan lekualdatze erritmoa zertxobait moteldu. Garapen turistikoaz gain, jarduera industrial berriak ere sortu dira. Aipagarria da, bestalde, 1999. urtean sortu zen Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuergoari esker, Hendaia, Hondarribia eta Irunen artean garatu den lankidetza. Eskualdearen garapen bateratua bideratzeko zein hainbat zerbitzu eta azpiegitura elkarrekin kudeatzeko sortu zen partzuergo hau mugaz gaindiko elkarlanaren eredu bilakatu da. v Historia. Hendaia Urruñako auzoa izan zen 1654 arte. Urtubiako jaunen manupeko sailak izan ziren, beraz, urte hori arte. Hasierako Hendaia Bidasoa ibaiaren bokalean, Hondarribiako herriaren aurrean, zegoen portu txiki bat baizik ez zen. Hendaia kostaldeko Donejakue bidean zegoen eta berebiziko garrantzia izan zuten XII. mendetik aurrera Bidasoa ibaiaren ertzeko eremuan, Irungo herriaren aurrean, zegoen Zubernoako prioretxeak eta hango Santiago elizak. Estatuen arteko muga XVII. mendean baizik ez zen zehaztu eta luzaroan, XIX. mendea arte, bizi izan dira hendaiarrak, urruñarrak, hondarribitarrak eta irundarrak, mugarik ez balitz bezala, Bidasoa ibaiaren erabilerak (izokin arrantza munta handikoa zen, esate baterako) gatazka ugari sorrarazi bazuen ere. Burdinbidearen etorrerarekin batera (1864. urtean eraiki zen bertako geltokia) Hendaiak ekonomia hazkunde, eta ondorioz demografia hazkunde, handia izan zuen XIX. mendeko azken hamarkadetan. Miarritzeko eta Donostiako hirien artean dagoelarik, turismoa ere nabarmen hazi zen XIX. mende bukaeran, hondartzako bainuak modan jarri zirenean. Turismoak garrantzi handia du gaur egun ere. Hendaiako geltokian bildu ziren, 1940. urteko urriaren 23an, Franco eta Hitler buruzagiak. Europa barruko mugak kendu edo urritzearekin batera, lanpostu asko galdu edo galtzear dira gaur egun.