Hénault, Gilles
Kanadar poeta, kazetari eta arte kritikaria (St. Majorique, Québec, 1920 - Montréal, 1996). Montréalen egin zituen ikasketak, baina diru arazoak zirela eta, bertan behera utzi behar izan zituen. Gero, bere kabuz ikasi zuen. Le Jour (1939), Le Canada (1940-1942) eta La Presse egunkarietan arituz ikasi zuen kazetari ofizioa. Irratian ere lan egin zuen zenbait aldiz, eta baita Le Devoir egunkarian ere, Artea eta Letrak sailaren zuzendari gisa (1959), Le Nouveau Journal-en, nazioarteko iruzkingile gisa (1961), Royal Commission on Bilingualism and Biculturalism erakundean (1962-1963), eta Antzerki Eskola Nazionalean, inprobisazio irakasle gisa (1964). 1966an Montréalgo Arte Museoko zuzendari izendatu zuten. 1973tik aurrera idazle eta itzultzaile autonomo gisa aritu zen. Haren poesiek hizkuntzarekiko kezka handia erakusten dute, perfektuak dira formetan, eta aberatsak irudi harrigarrietan. Montréalgo pintoreen (“Les Automatistes” izenez ezagunak) eta surrealismoaren eragina gorabehera, bere poesia ezin argiagoa eta ulergarriagoa izan zen beti. Lan nagusiak: Théâtre en plein air (1946, Antzerkia kanpoan); Totems (1953, Totemak); Voyages au pays de mémoire (1959, Bidaiak memoriaren herrialdera); Sémaphore (1962, Semaforoa). Signaux pour les voyants (1972) lanean aurreko guztia bildu eta argitaratu gabe zeuzkan zenbait lan tartekatu zituen.