Hebrida
uharteak. (Western Islands). Britainia Handiko uharteak, Eskoziako ipar-mendebaleko itsasertzetik hurbil. 2.901 km2 eta 31.456 biztanle. Bostehun uharte inguru dira guztira, baina biztanleak ehun bat uharte nagusitan bizi dira. Bi multzotan banaturik daude: Inner Hebrides (Skye, Mull, Iona, Staffa, Tiree, Coll, Eigg, Rum, Canna) eta Outer Hebrides (Lewis, Harris, North Uist, Benbecula, South Uist, Barra). Bi uhartedien artean Minch itsasartea dago. Klima hezetasun handikoa eta aski epela da (urtarrileko batez bestekoa: 6° C). Arrantza, abeltzaintza, artilezko ehungintza (Harris tweed) eta turismoa dira uhartediaren baliabide nagusiak.