Hébert, Anne
Kanadar idazlea, frantsesez idazten duena (Sainte-Catherine de Fossambault, 1916 - Montréal, 2000). Maurice Hébert kritikariaren eta Saint-Denys Garneau poetaren lehengusua izanik, Québec-eko intelektual familia batean jaio zen Anne. Lehenengo bilduma idatzi zuenetik bertatik (1942, Ametsak orekan), bere lanetan behin eta berriro agertu ziren gaiak azaldu zituen: bakardadearen eta baztertasunaren estuasuna, ametsaren bidez askatasuna lortzeko nahia. Handitasun dotorez idatzi zuen Le Tombeau des rois (1953, Erregeen hilobia) poema. Bere ipuin ospetsuenean, le Torrent (1950, Uharra) hain zuzen, frustrazioaren eta komunikazio faltaren kontrako iraultzak heroi gaztea ama hiltzera darama. Anne Héberten eleberri eta poema unibertsoa lehenaldiaren pisuaren, heriotzaren, gogoeten eta kulturaren artean eta gaur egungo erakargarritasunaren, bizitzaren, naturarenaren artean dago, Mystère de la parole (1960, Hitzaren misterioa) poeman ageri den bezala. Kamouraska (1970) laneko heroiaren bizitza gogoratzen du senarraren agonia gauean. Azkeneko lanetan, doinu fantastikoa erabili zuen, sorginkeriaren edo banpirismoaren bidez: Les Enfants du sabbat (1975, Larunbateko haurrak), Héloïse (1980). 1982an Femila saria eman zioten Les Fous de Bassan lanagatik. Le Premier Jardin (1988, Lehenengo lorategia) eta L'Enfant chargé de songes (1992, Ametsez betetako haurra) lanetan, eleberrigileak haurtzaroaren gaiari heldu zion berriz ere. Antzerki lanak ere idatzi zituen: La Mercière assassinée (1959, Merkatari hiltzailea), Le Temps sauvage (1966, Denbora basatia), L'Île de la Demoiselle (1990, Neskatxaren uhartea).